Hendaia, Donibane Lohizune, Ziburu, Biriatu eta Urruñako 'Adinekoen Olinpiada' ospatu dute Gaztelu aretoan

Esteban Bastié 2026ko otsailaren 27a

Egun osoko egitaraua prestatu dute Hego Lapurdiko bost herri hauetako Gizarte Ekintzarako Udal Zentroek, EHPAD eta Hendaiako Aizpurdi Lizeoan adinekoen zaintzarako ikasketak egiten dituzten ikasleekin batera. Zahartze aktiboa eta adinekoen sozializaziorako kirol eta jarduera anitz egin dituzte. 

Euskal Hirigune Elkargoak antolatuta, Hego Lapurdiko herrien arteko Adinekoen Olinpiada ospatu dute bigarrenez. Hendaiako, Donibane Lohizuneko, Ziburuko, Biriatuko eta Urruñako GEUZek (Gizarte Ekintzarako Udal Zentroa) eta Herriko Etxeek indarrak bildu zituzten atzo, Hendaiako Gaztelu aretoan adinekoentzat jarduera ezberdinak antolatzeko. 

Tokiko EHPADekin eta Hendaiako Aizpurdi Lizeoarekin elkarlanean. CAP AAGA prestakuntza egiten ari diren ikasleek ere parte hartu dute, adinekoekin batera jarduera fisiko egokituetan arituz. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Egun horren helburua herrien arteko adinekoak nahastea izan dela aipatu digu Nerea Manterola, Hendaiako GEUZeko kideak. «Askok elkar ezagutzen zuten gaztetatik, baina beharbada aspaldi ikusi ez zutela», dio. Zahartze aktiboa bultzatu eta sozializatzeko balio izan diela aitortu dute. Izan ere, adineko pertsona horiek askotan etxean geratzen dira eta gutxitan ateratzen dira.

Hartara, sei talde osatu dituzte kirol eta jarduera ezberdinak egiteko. Badminton, mahai-tenisa, zaku jolasak, gimnasia egokitua, edota ariketa kognitiboak lantzeko Kapla bezalako jolasekin aritu dira. Horrez gain, jardunaldiak belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sendotzeko balio izan du ere.