Martxoaren 15 eta 22ko udal hauteskundeei begira, Kotte Ezenarro auzapezaren inguruan aliantza berria osatu da Hendaian. Hendaye Ensemble! Hendaia Elgarrekin! zerrendak ezkerreko gehiengoa eta oposizioko Goazen Aitzina taldea batu ditu, tartean Mikel Berra. 35 hautagaik osatzen dute taldea, eta horietatik 14 Goazen Aitzinatik etorriak dira. Berrak azaldu digunez, «martxoaren 22ko bigarren itzulira itxaron gabe, aitzinetik aliantza osatzea» erabaki dute hausnarketa sakon baten ondotik.
Bere ustez, agintaldi honetan, Pascal Destruhaut eraman duen oposizioko zerrenda (Battitte Salaberri) barnean zela, gauza anitzetan Kotte Ezenarroren taldearekin ados egon da, eta geroari buruz zer egin zalantzan zirela iritsi da aliantza osatzeko aukera. «Oposizioan egotea beti zaila da, eta Kottek eskua luzatu digu, eta urtebetez lantzen eta adosten joan gara lantalde ezberdinak osatuz», azaldu du Mikel Berrak, hala ere jende berria ere sartu dela argituz, «gazteak ere sartu dira, eta Hendaiako egoera zein den ikusita sartu gara abentura berri horretan».
Proiektuaren oinarrian balio errepublikanoak daudela azpimarratzen du Hendaia Elgarrekin! zerrendak. Alde horretatik, humanismoa, elkartasuna, inklusioa eta bizikidetza. Hala ere, Mikel Berrak dioenez, etxebizitzaren arazoa lehentasuna da. «Etxebizitza hutsak eta zaharrak berriz merkaturatzea ezinbestekoa da», dio. Eta zaharberritzea garestia denez, laguntzak eta inpostuak apaltzeko bideak aztertu nahi dituzte Frantziako Gobernuarekin.
Era berean, SRU legearen ondorioz herriko etxeak ordaintzen dituen isunak ere kezkatzen ditu. Izan ere, etxebizitza soziala %25 behar du izan herrian legea horren arabera, eta gaur egun %17a besterik ez da. «Hala ere, hori konpontzea ez da erraza izango», aitortzen du.
Bestalde, zerbitzu publikoen inguruko egoera eta euskararen erabilera indartzeko beharra dagoela nabarmentzen du. Raphael Lassalette auzapezaren garaitik Hendaian euskara bultzatzen dela dio Berrak. «Beti izan da nahikeria bat, eta horretan guztiok ados gaude, baina egia da euskara zalantzan dela, eta badakigu beti bultzada behar duela», aitortzen du, eta Herriko Etxean langileak euskara ikasten ari direla gogoratzearekin batera, horretan segitu behar dela uste du.
Gainerakoan, obretan Hendaiako Herriko Etxeak hurrengo agintaldian inbertsio gaitasun eskasa izango badu ere, «hiri-barneko zaharberritzea amaitzea ere lehentasuna da, Portu karrikan», iragarri du.