Martxoaren 29an 'Nor Naizen Baneki' taularatuko dute Hendaiako Mendi Zolanen

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 18a

Hendaia Euskaraz programazioaren karietara, Axut eta Artedrama konpainiek joan den urrian Luhuson estreinatu zutenetik arrakasta bildu duen "Nor naizen baneki" antzezlana taularatuko dute martxoaren 29an (18:30) Zokoburuko Mendi Zolan kulturgunean.

Norbere buruari eta Euskal Herriaren historiari begiratzen dion obra honek arrakasta bildu du Euskal Herri osoko antzokietan. Joan den otsailaren 1an Hondarribian ere oholtzaratu zuten. Eta oraingoan hendaiarrek gozatu ahal izamgo dute.

Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean ekoiztutako obra, norbere buruari eta gure herriari begiratzeko parada eskaintzen duela diote obraren egileek. Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs istorioa idazten hasteko txinparta Irulegiko Eskua izan zen. «Gizartearen idazkariak» direla uste du antzerkigile baxenabartarrak, eta brontzezko eskuak izandako garrantzia azaldu digu: «Irulegiko Eskuarena gertakari handia izan zen, arkeologikoa, baina soziologikoa ere. Euskal komunitatearen harrotasuna berpiztu ziren». Eta ebidentzia bat egiaztatu zela uste du, modu batean edo bestean izendatu, «aspalditik hitz egiten dela euskaraz».

Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreen eskutik, objektuen istorioak, arkeologoen istorioak, eta Irulegiko Eskuaren garaitik gaur egunera arteko loturak kontatzen dizkigu antzerkiak, jauzika eta dantzarekin uztartuz.

Izan ere, antzezlearen eta arkeologoaren arteko antzekotasunak ikusten ditu Idoia Tapia antzezleak ere. «Beraiek arrasto humanoak interpretatzen dituzte eta guk bizitzan ikusten ditugun gauza batzuk interpretatzen ditugu, gero herriari transmititzeko», dio. Ximun Fuchsen ustez, arazoak ere berberak dituzte biek: denbora eta dirua. «Arkeologia, kultura bezala, prekaritate handi batean bizi da. Artea edo zientzia euskaraz egitea oso konplikatua da».

Aranzadi Elkartearekin aritu dira haien lanaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. «Interesgarria izan da, induskatzaile eta koreografoen artean elkar elikatze bat egon delako, eta uste dut eman dizkigula indusketarako klabeak». Gorputzak ere ikasi behar izan du, eta hori ere landu dute induskatzaile zein koreografoekin.

Ideia hauek guztiak aintzat hartuta, "Nor naizen baneki" istorioak antzokia eta historia induskatzen ditu. «Antzoki bat erauntsi nahi da aparkaleku bat egiteko, baina eraikin publikoak desegiten direnean behartuak dira indusketa prebentibo bat egitera, eta hori da istorioaren funtsa», kontatzen du Fuchsek. 

Hendaiako Mendi Zolan aretoan proposatzen duten emanaldirako sartzeak hemen eros daitezke. Txartelak 12,50€tan dira, eta Kultura Sasoiaren harpidedunek, ikasleek, langabetuek edota ahalmen urritasunen bat dutenek (laguntzailearentzat urririk eskaera eginez), 6,50€ko prezio murriztua dute. 

Aditzera eman dutenez, antzezlana amaitutakoan zintzur bustitzea eginen dute.