Itxuraz dena berdin jarraitzen du Hendaian, baina sakonean zerbait aldatu da

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 22a

Udal hauteskundeen bigarren itzulian ez da ezustekorik eman. Kotte Ezenarrok auzapez izaten jarraituko baitu, bozen %44,31 eskuratu ondotik. Baina Hendaia Aitzinarekin batzeko parioak ez ditu aurreikusitako emaitzak eman, eta oposizio nagusia Ezenarroren Hendaia Elgarrekin zerrendan integratua geratu den heinean, Hendaia Biltzen talde abertzalea (%32,56) bigarren indarra izatera pasa da. Hortaz gain, eskuineko Vivre Hendaye zerrendak (%23,12) Herriko Kontseiluan ordezkapena lortu du Tristan Proteau aurkezten zen lehen aldian.

Lehen itzulian etxean geratu ziren 4.508 hendaiarrak mobilizatzen saiatu dira hautagaiak bigarren itzulira begira. Kanpaina egin dute auzoz-auzo, etxez-etxe bozka galdeginez, baina abstentzioa nabarmena izan da. Lehen itzulian %42,88koa izan zen bitartean, %41,80koa izan bigarren igandean. 114 bozka gehiago besterik ez. Kotte Ezenarrok berak aitortu du hauteskunde gauean garaipena ospatzerakoan, «abstentzionista gehiego duen herria» dela Hendaia. Hala eta guztiz ere, kontent azaldu da 2.652 bozka eskuratuta (lehen itzulian baino 172 bozka gehiago), eta 8 auzoetan nagusituta, ororen %44,31 agintean jarraituko duelako. «Pentsatzen dut hendaiarrek ulertu dutela oso zerrenda hendaiarra garela, eta garaipena lortu dugu azken batean», azpimarratu du. 

Zortzi hauteskunde eskoletatik azkena herriko etxekoa izan da zenbatzen. Eta azken emaitzen berri Kotte Ezenarrok berak eman du mikrofonoa eskuetan, Hendaia Elgarrekin zerrendako kideekin batera, herriko etxeko sarreran bildutako ehun lagun zain zituela.

Jende mordoa elkartu da jakinminez Herriko Etxean, hauteskundeen emaitzen zain. 

Bertan ziren ere Laetitia Navarron eta Tristan Proteau lehiakideak. Eta lehen itzulian bezala, bigarren itzulian berriz, bozka berri gehien gehitu dituen zerrenda Hendaia Biltzen talde abertzalea izan da. Orotara, 1.949 bozka eskuratu ditu Laetitia Navarronek, 2020ko 769 bozen aldean. «Ez da aski alternatiba izateko, baina oso pozik gaude urrats handia egin dugulako», adierazi du bozeramaile abertzaleak, «ez da nahiko izan lehenak iristeko, baina Hendaiako gizartean zerbait gertatu da». Izan ere, abertzaleek lehen itzulian lortutako bozken %30,63arekin, 2020ko %18aren aldean «emaitza historikotzat» jo zituzten, eta bigarren itzulian %32,56 eginda, garaipen morala lortu badute, Kotte Ezenarrok agintean jarraituko du.

Sakoneko aldaketak, eskuinera

Baina eszenatoki politikoa aldatu egin da. Vivre Hendaye eskuineko zerrenda agertu baita hor, eta aurkezten zen lehen aldian herriko kontseiluan sartzea lortu baitu Tristan Proteauk. Les Republicans alderdiko kideak bozken %26,55 egin zuen martxoaren 15ean, eta bigarren itzuli honetan hiru puntu galdu baditu ere (%23,12), 1.384 bozka eskuratu ditu, 154 galduaz. Kotte Ezenarro kezkatua da horrekin, «argi geratu da eskuina ere badagoela Hendaian, eta emaitza hauek ondo aztertu beharko ditugu Herriko Kontseiluan bizpahiru hautetsi lortuko baitituzte», ohartarazi du auzapezak.

Parte-hartzea puntu bat emendatu bada ere, abstentzioa %41,80koa izan da bigarren itzulian Hendaian. 

Aldiz, Laetitia Navarronek Hendaiak eskuinerat jo duela dio. «Errana genuen jadanik, mandatu honen bukaeran hartzen ziren erabakiak ez zirela gehiago ezker talde batek hartzen zituenak, Kottek zentrora jo du, eta bigarren itzulian ikusi da Tristan Proteauren bozak jaso dituela», azaldu du Navarronek, «bestalde oposizio nagusia desagertu da, haiekin fusionatu da nolabait, eta ikusi da egin zuen aliantzaren parioa ez dela ibili zenbakietan, nahiz eta gaur garaile ateratzen diren».

Alde horretatik, Kotte Ezenarroren Hendaia Elgarrekin zerrendak 2020an bozkena %41 eskuratu zuen bitartean, azken mandatuan Pascal Destruhaut oposizioko aurkari nagusia, Hendaia Aitzina barneratu du, eta komunistekin batera %81a egin zuten aurreko hauteskundeetan, oraingo %44arekin alderatuta. «Honek erakusten du beste dinamika batean sartzen garela mandatu berrian», aditzera eman du Hendaia Biltzeneko ordezkariak, abertzaleak bigarren indarra bilakatu baitira.