24. Korrikaz azken aldiz gozatzeko hainbat aukera Bidasoaldetik Bilbora

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 26a

Bilboko amaiera ekitaldira joateko autobusa antolatu dute Oiartzundik igandean. Hendaian eta Urruñan, berriz, eskolartekoek Korrika Txikia ospatuko dute ostiralean, eta Hendaia Euskaraz programa borobiltzeko haurrentzako animazioak eta Tapia eta Leturiaren kontzertua izango da 20:30ean Gaztelu aretoan. Hondarribian ere, “Esnatu ala hil: euskararen oraina eta geroa” hitzaldia emango du Gari Goikoetxeak Arma Plazan, Korrika Kulturalaren baitan.

Korrikaren harrabotsa oraindik belarrietan dugu, eta oraindik eskualdeko kaleetan euskararen aldeko aldarriek utzitako zapore gozoa dastatzen ari garen honetan, Bidasoko AEKk igandean Bilbora joateko autobusa antolatu zuen, baina azkenean Oiartzungo euskaltegitik bideratu dute, eta bete egin dela aditzera eman du AEKk. 

Hala ere, Korrikaren azken urratsak emango dituzte txikienek eskualdean oraindik. Hondarribian, Irunen eta Biriatun eskolartekoek Korrika Txikia eta Gazte Korrika ospatu dituzten bitartean, Hendaia eta Urruñako ikasleen txanda bihar izango da, martxoak 27. Hendaiako AEK eskola publiko elebidun eta ikastolekin elkarlanean antolatuta, Hendaian goizez, eta Urruñan arratsaldez ospatuko dute. 

Era berean, Hendaia Euskaraz hilabetea borobiltzeko probestuko dute biharko eguna, eta herriko euskalgintzarekin batera, 16:00etatik aurrera Gaztelu aretoan haurrendako animazioak eta tailerrak izango dira. Ondoren, 20:30ean, Tapia eta Leturiaren kontzertua antolatu dute. 

Euskararen egoeraz hausnartzeko hitzaldia Hondarribian

Hondarribian, aldiz, Korrika Kulturalaren baitan, bihar 17:30ean, “Esnatu ala hil: euskararen oraina eta geroa” hitzaldia eskainiko du Gari Goikoetxeak, Arma Plazako goiko solairuan. Iñaki Iurrebasorekin elkarlanean landu duen izen bereko liburuan oinarrituta, euskararen egoera hainbat ikuspegitatik jorratuko du ostiraleko hitzaldian; erabilera, atxikimendua, bilakaera, sozializazioa, transmisioa eta lurraldearen eragina, besteak beste.