Mandatu berria 6 ala 7 urtetarako izanen da, Frantziako hauteskunde legislatiboen arabera. Eta Kotte Ezenarrok agintean jarraitzen badu ere, eszenatoki politikoa aldatu egin da Hendaian. Vivre Hendaye eskuineko zerrenda agertu baita hor, eta aurkezten zen lehen aldian herriko kontseiluan sartzea lortu du Tristan Proteauk. Les Republicans alderdiko kideak 1.384 bozka eskuratu zituen joan den igandean. Kotte Ezenarro kezkatua agertu zen hauteskunde gauean bertan, «argi geratu baita eskuina ere badagoela Hendaian, eta emaitza hauek ondo aztertu beharko ditugu», ohartarazi zuen auzapezak.
Era berean, Hendaia Biltzeneko Laetitia Navarronek Hendaiak eskuinerat jo duela azpimarratu du. Vivre Hendaye taldearen agerpenagatik ez ezik, Kotte Ezenarrok orain arteko oposizio talde nagusiarekin bat eginik aurkeztu delako hauteskundeetara. Hendaia Elgarrekin zerrendak 2020an bozkena%41 eskuratu zuen bitartean, azken mandatuan Pascal Destruhaut oposizioko aurkari nagusia, Hendaia Aitzina barneratu du, haiekin batera bozken %74a egin zuten aurreko hauteskundeetan, oraingo %44arekin alderatuta. Alde horretatik, «errana genuen jadanik, mandatuaren bukaeran hartzen ziren erabakiak ez zirela gehiago ezker talde batek hartzen zituenak, Kottek zentrora jo du», azaldu du Navarronek, «bestalde oposizio nagusia desagertu da, haiekin fusionatu da nolabait, eta ikusi da egin zuen aliantzaren parioa ez dela ibili zenbakietan, nahiz eta gaur garaile ateratzen diren».
Hala ere, eta Hendaia Biltzenek bere emaitzak bozken %18tik %32ra pasatu, eta 2020ko 769 bozketatik, orain lortutako 1.949 hendaiarren babesarekin jauzia eman badu ere, honek ez du ondorio proportzionalik izango Herriko Kontseiluan. Ezta aparteko ondoriorik ere, agintean den Ezenarroren taldearentzat.