Irati Alcantarilla nagusi Hernandorena bertso sariketaren bigarren saioan

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 28a

Joan den larunbatean Hendaiako Enbata gaztetxean iragan zen Hernandorena bertso sariketaren bigarren saioa. Eta Irati Alcantarilla urruñarra izan zen garaile. Maiatzaren 9an finala jokatuko du Uztaritzen. 

June Aiestaranek bigarren lekua hartu zuen Embata gaztetxeko saioan. Hori dela eta, biak zuzenean sailkatu dira finalerako. Haien parean, Nahia Etxeberri Lopepe, Kattin Madariaga, Izaro Bilbao eta Irantzu Idoate ariko dira, maiatzaren 9an, Uztaritzeko Latsa gelan ospatuko den finalean.

2022ko lehen edizioan bigarren sailkatu zen Irati Alcantarilla. Edizio hartan, Ekhiñe Zapiain beratarrak eskuratu zuen txapela. 2024an Senperen jokatutako finalean, aldiz, Irantzu Idoatek irabazi zuen, eta Maddi Aiestaranekin lehiatu zen azken buruz burukoan. 

Plazako ibilbidera jauzia

Sariketa honek aukera paregabea eskaintzen die bertsolari gazteei, eskolarteko txapelketetan aritzetik, plazara jauzi emateko. Lurraldekako bertso txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagunarteko norgehiagoka gisa planteatzen dute, gazteen artean, eta pareko lehiakideekin.

Hain justu, Teodoro Hernandorenaren omenez izendatu zuten sariketa hau. Sortzez zizurkildarra Donibane Lohitzunera joan zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetan ere kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean, eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador bertsulariak Euskal Herriko plazetara atera zituena. Eta antolatzaileek gogoratzen dutenez, haren omenez, Euskal Herri guziko bertsolari gazteak gonbidatuz antolatzen duten sariketari Hernandorena izena eman zioten.