Ekainaren 6an Lerratze Kirol Eguna (Journée de la Glisse) ospatuko dute Hendaian 10:00etatik 18:00etara. Herriko Etxeak eta Turismo Bulegoak elkarrekin antolatuta, Itsas Etorbideko Croisière plazatxoan herrixka antolatuko dute, eta Hendaiako itsas-kirol klubetako egoitzetan ere kirol mota ezberdinen hastapenak egiteko aukera emango dute. Erakusketa postuak, animazioak eta Roddy Belmonteren kontzertuarekin (18:00etan) itxiko dute eguna hondartzako gunean.
Antolatzaileek iragarri dutenez, Lerratze Kirol Egunaren 16. edizio honetan, Ecole de Surf Hendaia, Lehena surf eskola, Curren Surf School, Freeriders Surf School, Txingudi surf eskola, Atlantic Pirogue kayak eta stand up paddle eskola, Txulet skate elkartea, Arteka Ocean zentroak eta Decathlon enpresako Tribord saltokiek parte hartuko dute. Hortaz gain, Corsaires Hendaye Sauvetage Cotier taldeak ere parte hartuko du 8 eta 99 urte artekoentzat lehen sorospen teknikak irakasteko.
Lerratz kirol eskaintza anitza izango da probatzeko. Hastapen ikastaro laburrak eta teknifikaziokoak ere proposatuko dituzte adin guzietarako. Izan ere, surf eskolen kasuan 9 urtetik 99 urtera bitartekoei zuzendutako eskaintza egingo duten bitartean, skate elkarteak 5 urtetik gorakoentzat proposatuko dituzte. Hauek guztiak Lerratze Kirolen Herrixkan antolatuko dituzte. Gainerakoa, berriz, Txingudiko Badian dagoen Hendaiako Nautika Zentroan izango dira, eta 12 urtetik gorakoek itsas-bela, kayak, wingfoil eta stand up paddle egin ahal izango dute.
Hendaiako Turismo Bulegoak argitu duenez, Croisière plazatxoko herrixkara sarrera kitorik izango da, eta autoz Hendaiara etortzen den orori Tribord, Orangers eta Floridako aparkalekuetan dohainik estazionatzea gomendatzen dute.
Eskaintza osoaren xehetasunak eta lekua erreserbatzeko Hendaiako Turismo Bulegoan edo hemen egin daiteke.