Aurelie Pousset: «Gauza ederra da arte eszenikoak kalean jendeari erakustea, 40 urtez filosofia hori atxiki du Antzerkiaren Maiatzak Hendaian»

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 7a

Maiatzaren 21etik 24ra Antzerkiaren Maiatza festibalak 25 konpainia eta 40 ikusgarri baino gehiago proposatuko ditu Hendaiako kale eta plazetan urririk. Lau hamarkadako ibilbidea egin duen jaialdiak Euskal Herriko eta Frantziako goi mailako kale-antzerki, zirku, dantza eta musika performance ibiltariak jasotzen ditu urtero, «arte bizia eta herritarren parte-hartzea uztartuz». Aurelie Pousset festibaleko zuzendari artistikoak eman dizkigu aurtengo programazioaren berri.

Antzerkiaren Maiatza festibalaren 41. edizioa hilaren 21etik 24ra ospatuko dute Hendaian, baina apirilaren 30az geroztik martxan dira kale-antzerki, zirku, musika eta dantzari lotutako jaialdiaren bueltan antolatutako ekimenak. Haien artean, Mendizolan kulturgunean festibalaren 40 urteko bilakaera kontatzen digun "40 urteko historia" erakusketa, maiatzaren 30era arte bisita daiteke.

1985ean sortu zenetik, arte bizia eta herritarren parte-hartzea uztartu ditu festibalak, Hendaiako kale eta plazak arte eszenikoen agertoki bilakatuz. Aurtengoan ere, sorkuntza berriak ez ezik, sorkuntzarako espazioak eskaini ditu jaialdiak. Eta lau egunez, 25 konpainia eta 40 ikusgarri baino gehiago proposatuko dituzte, bereziki Hendaiako erdigunean, baina auzoetan ondo errotutako hitzordua da ere.

Aurelie Pousset, Antzerkiaren Maiatza festibaleko zuzendari artistikoa da. Eta aitortu digunez, Hendaiako herriko etxeko Kultura Zerbitzuarentzat urteko hitzordurik garrantzitsuena bilakatu da. Baina 1985ean antolatzen hasi zirenetik, garai ezberdinak bizi izan ditu, eta bilakaera nabarmena. Filosofia, aldiz, ez da funtsean aldatu. Artea herritarrengana hurbiltzeko helburuari eutsi baitio. «Hitzordu herrikoia da, karrikan eta urririk antzerkia erakutsi nahi duena, sortu zenean behartuta antolatzen hasi zen kalean, antzoki edo aretorik ez zegoelako Hendaian, baina pixkanaka handitzen joan zen eta 2.000. urtetik aurrera hasi zen benetan gaur egungo pisua hartzen», azaldu digu Poussetek.

Herriko eragileekin elkarlana

Festibalak ikusgarriak eskaintzeaz gain, sorkuntzarako espazioak ere proposatzen ditu. Hendaiako herriko etxeak urte osoan zehar arte sorkuntza eta tokiko konpainiak sostengatzen baititu. Ildo horretatik, maiatzaren 16an eta 17an, Itsas Ospitaleko erabiltzaile eta elbarrituekin batera landutako antzerkia taularatuko du Chimeres antzerki konpainiak. «Bi urtean behin egiten dugu "kultura eta osasuna" ekimena, obra bat sortu eta lantzen dute ospitaleko erabiltzaileekin, eta polita da ikustea ikusgarrietan parte hartzen», dio festibaleko zuzendari artistikoak. Finalement on est devenus très précis obra sortu dute aurten, eta maiatzaren 15ean (18:00etan) eta maiatzaren 16an (12:00etan) aurkeztuko dute Gaztelu aretoan eta inguruetan. 

Gaztelu Zaharren instalatuko dute festibalaren Herrixka eta karpa nagusia aurtengoan ere.

Arte eszenikoen jaialdia estreinatzeko, berriz, eskoletako haurrei eta kolegioko eta lizeoetako gazteei zuzendutako emanaldiekin hasiko dira, Tom eta Le Mariage Forcé ikusgarriekin. Ibawa kolektiboak, aldiz, Gaua ikusgarria eskainiko die Hendaiako Haizpean EHPAD eta Haiekin zahar etxeetako egoiliarrei.  «Festibala karrikan da, baina Hendaiako eragileekin partekatua da ere, eta herrian ondo errotuta dago», dio Aurelie Poussetek.

Alde horretatik, azken urteetan, are eta aberasgarriagoa izan dadin, festibalean parte hartzen duten konpainietako artistak norbere etxean harrera egiteko deialdia luzatzen dute antolatzaileek. Eta aurten lauzpabost familiak eskaini dute haien etxea horretarako. «Batetik arrazoi ekonomiko bat du, baina bestetik hotel batean egon beharrean, hendaiarrekin harremanetan sartu eta herritarrentzat aski polita da sortzen den hartu-emana», azpimarratzen du. 

Eszenatoki eta estreinaldi anitz

Antzerkiaren Maiatza festibalak Hendaia osoa hartuko badu ere, Gaztelu Zaharren herriko Borderline Fabrika eta Lanetik Egina musika elkarteak kudeatzen duten urteroko karpa eta Haurren Herrixka izango da erdigunea. Bertan animazio anitz eta ostatu zerbitzua ere emango dute, eta Poussetek oroitarazi duenez, Txik Txak autobusek zerbitzu bereziak eskainiko dituzte festibalaren egunetan garraio publikoan mugitu ahal izateko.

Izan ere, Gaztelu Zahar eremuaz gain, Intzura-Le Joncaux auzoko frontoia, Kaneta portua, Hiri-barneko eskola, Errepublika plaza, Arcadie egoitzaren lorategiak edota Hildakoen monumentua bilakatuko dira eszenatoki.  Baina protagonista nagusia antzerkia, zirkua, dantza eta musika izango dira. Euskal Herriko hainbat konpainiek haien azken obraren estreinaldia egingo dute, eta Frantzia mailako antzeko kaleko festibaletan aurkeztutako eskaintzarik onena ere biltzen saiatzen dira urtero.

Aurelie Poussetek aitortu digunez, urtebeteko lana eskatzen baitu Antzerkia Maiatza festibala Hendaian antolatzeak. «Orain heldu den urtekoa prestatzen ari gara, Leioako Umore Festibala, Bilbo edo Gasteizen ospatzen dituzten kaleko jaialdietan, eta Frantziako festibaletan maratoiak egin ohi ditut Hendaiara egokienak diren ikusgarriak ekartzeko eta konpainiekin harremanetan sartzeko», azaldu digu. 

Iazko uztaren emaitza, maiatzaren 21etik 24ra gozatu ahal izango dugu. Orotara 25 konpainien eskaintza jasoko dute Hendaiako kale eta plazetan. Mouka konpainiaren Hasian hasi, Gasteiztik etorritako Bitsa konpainiaren Haritik tiraka, Ziburuko Sukaar taldearen kontzertu tailerra, Bilboko Deabru Beltzak taldearen Su Talka ikusgarri musikal eta pirotekniko ibiltaria, Baionako Bilaka dantza konpainiaren Dirau ikusgarriaren estreinaldia, edota Rouge Elea konpainiaren Lurruna azken lana ere aurkeztuko dute bertan.

Aparteko proposamen artistikoak

Hala ere, aparteko ikusgarriak nabarmendu dizkigu Aurelie Poussetek. «Denak gomendatuko nituzke, baina Kaneta Portuan uraren gainean egingo da Mizu obra berezia izango da, baimenak ere eskatu behar izan ditugu uraren gainean egiteko», kontatu digu. Mizu, ura japonieraz (水), Satchie Noro koreografo eta zirkuko artistaren eta Elise Vigneron txotxongilolariaren munduak uztartzen ditu, dantza, txotxongiloa eta zirkuak bat eginik, 4 urtetik gorakoentzat maiatzaren 23an eta 24an (14:15ean) taularatuko dute urririk. 

'Mizu' ur gaineko paisaiako antzezlana Kaneta portuan taularatuko dute maiatzaren 23 eta 24an.

Bestalde, lau orduko «inmertsio esperientzia» bat ere gomendatzen du Poussetek. Les Arts Oseurs konpainiako 15 antzerkilari eta dantzarik Héroïne (Une épopée au couer d'un tribunal) ikusgarria proposatzen baitu maiatzaren 22an (20:30) Gaztelu Zahar pilotalekuan. «Erokeria bat irudi dezake, baina benetan merezi duela», dio festibaleko zuzendari artistikoak, «ikuslea eszenaren parte da, eta Périne Faivre zuzendariak urteak eman ditu munduko injustizien inguruan tribunaletan informazio biltzen obra osatzeko, aire zabaleko bat-bateko auzi bat da ikusgarria», argitu du.

Les Arts Oseurs konpainiaren 'Héroïne' ikusgarri inmertsiboa.

Aukerak anitzak izango dira Antzerkiaren Maiatza festibalean. Eta dena urririk bada ere, zenbait ikusgarri ahalik eta baldintza egokienetan gozatu ahal izateko ikusle kopuru mugatua izango du. Horietarako lekuak erreserbatzeko www.hendaye-culture.fr webgunea dago, baita programazioa kontsultatzeko ere.