Poliziak gutxiago atxilotzen du, baina epe luzeagoan atxikitzen ditu migratzaileak Hendaiako erretentzio zentroan

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 21a

Hendaiako erretentzio zentroan, batez bestean 33 eguneko egonaldiak egiten dituzte iaz bertan atxikitutako migratzaileek, 2020an baino bi aldiz gehiago. La Cimade elkarteak 2024ko Darmanin legearen ondorioak ere salatu ditu, polizia-etxeko atxikitze zentroan gero eta egoera prekarioagoetan ematen dutelako atxilotze denbora. Bestalde, frantses nazionalitatea dutenen aita-amak eta senar-emazteak kanporatzen dituzte geroz eta usuago.

2015eko azaroaren 13ko Pariseko atentatu islamisten biharamunean, Schengen espazioko arauak bere gisara moldatzen hasi zen Frantzia, eta gaur arte erregularki jartzen ditu frantziar poliziak kontrol permanenteak bere mugetan. La Cimade elkarteak makina bat alditan salatu du, 1985ean ezarritako mugimendu askatasuna zapaltzen duten kontrolak berrezarri zituztenetik eragindako sufrimendua. Baina legearen bihurritzeak Hendaiako Erretentzio Zentroaren desmartxan ere eragin zuzena du. 

La Cimadek aste honetan aditzera eman duenez, pertsona gutxiago atxikitzen dituzte orain Hendaiako erretentzio zentroan azken urteetan baino. Haatik, egonaldiak gero eta luzeagoak dira. Maite Etxeberri elkarteko kideak argitu duenez, «batez beste 33 egunez egoten dira zentroan, 2020an baino bi aldiz gehiago. Ondorioz luzaz egoten dira, eta pertsona gutxiago kanporatzen dira. Horrek pertsonen osasun psikologikoari kalte handia eragiten du». Hala ere, datu hau azken urteetako dinamikarekin bat dator. Izan ere, 2024an guztira 313 migratzaile igaro ziren Hendaiako Atxikitze Zentrotik –2023ko 350en aldean–, baina orduan iada, horietariko bakoitzaren egonaldia luzeagoa izan zen, 31 egunekoa batez bestean.

La Cimadeko kideek 2025eko bilana aurkezten.

Alde horretatik, Cimadek 2024ko Darmanin legearen ondorioak salatu ditu ere. Egoera gero eta okerragoa dela diote, eta hiru problematika eragiten ditu legeak haien arabera. Lehenik, lurraldetik kanporatzeko erabakia hartzean denean, ez dela gehiago egoera pertsonala kontuan hartzen, eta usu, mehatxuaren arriskua emendatzen dela, inolako ebaluaziorik egin gabe.

Frantziatik jendea ez kanporatzeko salbuespenak murrizten ari dira Darmanin legearengatik. Orain, kanporatzen ahal dituzte frantses nazionalitatea dutenen aita-amak, senar-emazteak, baita hamahiru urte baino lehenago Frantziara etorri direnak ere. Lege honekin distantziazko auziak sistematizatzen ari direla salatzen du Cimadek, lehen salbuespena zelarik. «Adibidez, auzi horien egiteko lekua sortu dute Hendaiako polizia-etxearen aitzinean. Hori uztailaren 1etik martxan izanen da, eta abokatuek hautatu beharko dute: auzitegira joan epailearen aitzinean mintzatu nahi dutenez edo beren bezeroaren ondoan egon», azaldu du Maite Etxeberrik.

Cimadek bereziki aljeriarrek bizi duten egoerarekin kezkatua dago. Frantziak badaki ezin dituela kanporatu harreman diplomatikoak txartu direlako, baina hala ere zentroetan atxikitzen dituzte.