Udako itotzeak prebenitzeko eta lehen sorospen formakuntzak antolatu dituzte Irandatzen

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 8a

Ekainaren 8tik 13ra Itsasoko Sorospenaren Frantziako Elkarteak, Les Corsaires itsasbazterreko sorospenerako elkarteak eta Hendaiako herriko etxeak sentsibilizazio eta formakuntza saioak antolatu dituzte Irandatze igerilekuan. Haur, gazte eta helduentzako bihotz-biriketako suspertzea, lehen sorospen eta itolarrian diren biktimak uretatik ateratzeko teknikak, edota norbere burua babesteko neurriak irakatsiko dituzte aste osoan zehar. Ekainaren 13an, gainera, 8 urtetik goitikoentzat programa antolatu dute 14:00etatik 18:00etara. 

Uda hurbiltzen ari zaigula, Hendaiako herriko etxeak ur jarduerak segurtasunez gozatzeko gomendioak emateaz gain, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Sute eta Sokorri zentroekin lankidetzan itotzearen prebentziorako ikastaroak antolatu ditu. 

Ekainaren 8tik 13ra, Irandatzeko igerilekuak salbamendu eta prebentzio tailerrak, erakustaldiak eta formakuntza ezberdinak proposatuko ditu Les Corsaires itsasbazterreko sorospenerako elkartea eta Itsasoko Sorospenaren Frantziako Elkartearekin batera. Aste osoan zehar, Hendaiako igerilekuak eskolako ikasleei, igeriketa eskolako kideei eta helduei zuzendutako pedagogia programa bat plantan ezarriko du. Uretako arriskuei eta sorospen teknikei buruzko sentsibilizazio uneak gehituko dituzte ohiko jardueretan, beti udal igerilekuko igerizain sorosleen laguntzarekin.

Zehazki, itsasoko arriskuei eta hondartzetako araudiari buruzko sentsibilizazioa, lehen sorospenaren neurriak ikastea (egoeraren azterketa, alboko segurtasun-postura, bihotz-biriketako bizkortzea eta desfibriladorearen erabiltzea), baita sorospen materiala probatzeko saioak eta erakustaldiak ere egingo dituzte. Era berean, igerilekuan laguntza ekartzeko eta biktima uretatik ateratzeko teknikak ikasteko saioek osatuko dute programa.

Ekainaren 13an, aldiz, 8 urtez goitikoei zuzendutako arratsaldea antolatu dute, 14:00etatik 18:00etara. Iragarri dutenez, igerilekuko sartzearen ohiko prezioan, animazioak ere izango dira. 

Herriko etxeak argitu duenez, Frantziako Osasun Publikoaren azken emaitzen arabera, urtero ehunka jende hiltzen da Frantzian itota, eta istripu kopurua emendatu egin da azken urteetan. Zenbaki horiek publikoa ttipi-ttipitik hartu beharreko ohitura onei eta jokabideei buruz sentsibilizatzeko garrantzia azpimarratzen dute. Eta horretarako programatu dituzte prebentziorako ekintza hauek.