Aurten diplomatu diren 58 CRS sorosleak Hendaiako hondartzan trebatu dira uda aitzin

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 9a

Sorosle lanetan dabiltzan CRS polizien formakuntza zikloan Hendaia finko bat da urtero. Bi egunez hainbat entrenamendu egin dituzte Ipar Euskal Herrian eta Landetan, udan Mediterraneotik Normandiara egokituko zaizkien itsasbazter puntu ezberdinetara joan aurretik.

Uda honetan Frantziako estatuko itsasbazter osoa zaintzeko prestatzen ari diren CRS sorosleak Hendaian trebatu dira joan den astean. Berriki diplomatu diren 58 igerizain sorosle aritu dira Hendaiako Hondarraitzeko hondartzan entrenamendu eta formakuntza ezberdinak egiten. 

Urtero CRS zuzendaritza nagusiak Hendaiako hondartza hautatzen du saio hauetarako. Vincent Bousignere polizia buruak aditzera eman duenez, «Ipar Euskal Herriko baldintzak direla eta, bertan formatuak diren sorosleak itsasbazter guztietan lan egiteko prest daude, Mediterraneotik Normandiara, Atlantikoa barne». Alde horretatik, Frantziako sorosleen praktikaldian Hendaia finko bat izan ohi dute. Gainera uda hasi aitzin Hendaiako hondartzako urak 18 graduren bueltan egon ohi dira, eta praktika guztiak luzaz egiteko aukera ematen du. 

Hala ere, logistikak ere badu bere garrantzia. Sorosleek Angelun dagoen aterpetxean hartzen dituztelako. Hortaz, Hendaiak eta Ipar Euskal Herriak dispositibo osoa osatzen dute, eta Frantziako zuzendaritzak erreferentziazkotzat jotzen duela nabarmentzen dute. 

Alde horretatik, Hendaian bi eguneko formakuntza egin ondotik, Landetako Seignossera joan ziren baldintza zorrotzagoetan trebatzeko. Formakuntzak beste hainbat ziklo izango dituela iragarri dute, izan ere, Mediterraneoan lanpostua hartuko duten sorosleek formakuntza segituko dute Ollioulesen tokiko berezitasunak ikasteko, mendebaldekoak Saint-Brieucen, iparraldekoak Dunkerquen kautxuzko txalupak erabiltzeko eta hondartza luzeak zaintzen ikasteko, eta Akitaniako itsasbazterrekoak, aldiz, Lège-Cap-Ferreten.