Teragir elkarteak trantsizio ekologikoaren eta itsasertzeko ondare naturalaren zaintza maila kontuan hartzen du Europa mailako hondartzen labelizaziorako. 1985 urteaz geroztik egiten dituzte azterketak, eta Hendaiako Hondarraitz eta Dunbarrien hondartzan 2021 urtean eskuratu zuten Pavillon Bleu delako Bandera Urdina. Gaur egun Frantziako estatuan 194 hondartza dira label urdina daukatenak, eta Hendaiakoaren kasuan bainu-kalitatearen A kategorian ezarri dute aurten. Horrek ez du kutsadurarik gabeko ura denik segurtatzen, uraren kalitatearen kudeaketa zorrotza egiten dela baizik.
Izan ere, Pavillon Bleau ikurrari lotuta, hondartzako zaintza ordutegia hasi baino hiru ordu lehenago eguneroko analisiak egitera behartzen ditu, eta emaitzak argitaratzearekin batera, edozein gorabeheraren berri eman edota bainua itxi. Informazio guztia Kalilo (Kalilo the beach app) aplikazioan eskuragarri dago beti, azterketen hiru eremuei (Zokoburu, Casino, Dunbarriak) dagozkion datuekin.
Labela eskuratu zuenetik, urtero atxiki du Hendaiak. Herriko etxearen arabera, azken urteetan hondartzan egin den ingurumenaren aldeko engaiamenduaren lekuko da aipamen hau, kutsadura murrizteko eta hondakinak arduraz kudeatzeko politika jasangarriak egiten direla adierazten baitu. Era berean, labelak baieztatzen du, ingurune naturalak errespetatzen dituen hondartzaren erabilera sustatzen dela, eta honek herriko etxea bioaniztasunari buruzko sentsibilizazio ekintzak garatzera behartzen du.
Udarako oharrak
Bestalde, Hendaiako herriko etxeak aditzera eman duenez, azken hilabeteetan Zokoburu parean egin dituzten dragatze lanak azken txanpan sartu dira. Hondarraren kalitate analisiak egin dituzte, eta ontzat eman dituzte. Bestalde, hainbat herritarrek hondarraren kolore ilunagoa delako kezka agertu dute, baina udal agintariek hitzeman dutenez, hezetasun handia duelako da, eta lehortuko denean ohiko kolore argiagoa izango du udako sasoian.
Aldi berean, herriko etxeak hondartzan txakurrak sartzeko debekua oroitarazi du, uda garaian ez ezik, neguan ere. Ezinduak diren pertsonen txakur laguntzaileak izan ezik, gainerako guztiek debekatuta dute hondartzan ibiltzea, eta hau errespetatzen ez duen jabearentzat 17 eta 450 euro arteko isunak aurreikusten ditu araudiak.