Gaur ireki dute Handiplage bainu lagunduaren zerbitzua Hendaian

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 16a

Ohiko gunea eta tresna guztiak erabiltzaileen esku jartzeaz gain, aurten BNSSA diplomaduna den Handiplage erreferente batek banaka laguntzen ahalko ditu bainatzera laguntzaile pertsonalik ez duten pertsonak. Irailaren 13ra arte martxan izango da zerbitzua hondartza nagusian. 

Hendaiako hondartza nagusiko Handiplage guneak harrera egiten hasi da gaur, eta irailaren 13ra arte zerbitzu emango du. Partikularrentzako eta taldeentzako doakoa da, eta gune horrek ahalmen urritasun edo mugikortasun urriko egoeran dauden pertsonei itsasoaz ahalik eta baldintzarik onenetan gozatzeko aukera ematen die urtero. 
 
Alde horretatik, Hendaiako hondartza 3. mailako labela du irisgarritasun irizpideei dagokionez. Eta aurten gainera, BNSSA diplomaduna den Handiplage erreferente batek banaka laguntzen ahalko ditu bainatzera laguntzaile pertsonalik ez duten erabiltzaileak. Horretarako, 30 minutuko 3 tarte erreserbatu dituzte asteartetik larunbatera. Baina laguntzailea behar duen orok aitzinetik galdegin beharko du 06 40 14 50 85 telefonoan. 
 
Hendaiako Herriko Etxeak aditzera eman duenez, ekainaren 30a arte eta irailaren 1etik 13ra, Handiplage zerbitzua asteazkenetik igandera 11:30etik 16:30era, eta astearteetan 11:30etik 15:30era egongo da martxan. Uztailean eta abuztuan, berriz, egunero 11:00etatik 19:00etara. Argitu dutenez, gailu anfibioekin bainu lagunduaz gozatzeko, azken uretaratzea zerbitzua itxi baino 30 minutu lehenago egingo dute.