Alerta gorriagatik aparteko neurriak hartu dituzte Hendaian beroari buru egiteko

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 22a

Muturreko beroa dela eta, ekainak 22an eta 23an Hendaiako herriko etxeak udal zerbitzu guztiak 7:30etik 15:30etara egokitu ditu, Irandatz igerilekua izan ezik. Eskoletan eta haurtzaindegietan haurrak 14:00ak arte baino ez dituzte zainduko, eta hondakindegia itxi egingo dute sute arriskua saihesteko.

Beroaldiak asteazkena ilundu arte iraungo du, eta egunez 38 gradu arteko tenepratura altuak izango ditugun bitartean, gauez ez du atseden handirik emango. Izan ere, 25 gradu inguruko minimak aurreikusten dituzte adituek euskal kostaldean. Hendaiako herriko etxeak beroagatik alerta gorria dela eta aparteko neurriak hartu ditu.

Atzo Musikaren Egunaren kontzertuak arratsaldeko 19:00etara gibelatu zituzten. Baina ekainaren 22an eta 23an hainba gomendio, debeku eta zerbitzu publikoen aldaketak aditzera eman ditu. Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroa (CCAS) eta udal zerbitzu guztietan ordutegiak egokitu dituzte, eta goizeko 7:30etik 15:30etara egonen dira zabalik. Argitu dutenez, Irandatzeko igerilekua izanen da bere ohiko ordutegia atxikiko duen udal egitura bakarra. Gainera, Hego Lapurdiko Herri Elkargoak abisua eman du, eta Lapurdiko igerileku guztietan sarrera libre izango da alerta gorria irauten duen bitartean. 

Era berean, Hendaiako eskoletan eta haurtzaindegietan 14:00ak arte baizik ez dira zerbitzuak segurtatuko. Gurasoek gehienez ere ordu horretan seme-alabak jasotzeko eskatu du udalak. 

Bestalde, hondakindegia itxita egongo da sute arriskua saihesteko.

Gainerakoan, kirol jarduerak aire zabalean debekatu ditu Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, eta hainbat gomendio eman dituzte, bereziki gaixotasun larriak dituzten pertsonentzat, eta adineko zein adin txikikoentzat: ura egarria sentitu aurretik edatea, egunean zehar aldizka. Ezinbestekoak ez diren ahalegin fisikoak ekiditea, eta itzala edo aterpeak bilatu.