Hendaiako Musikolore festibala hilaren 30etik uztailaren 3ra arte zabalduko da

Aitor Errazkin 2026ko ekainaren 23a

Udaren hasierarekin batera, Hendaiak berriz ere munduko musiken topagune bilakatuko da Musikolore festibalaren hirugarren edizioari esker. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra bitartean, nazioarteko artista ospetsuak eta tokiko musikariak elkartuko dira kultur aniztasuna ospatzeko. Kontzertuez gain, zinema emanaldiak eta doako ekitaldiak ere izango dira herriko hainbat gunetan. Aurtengo berrikuntzak eta erronkak ezagutzeko, Maialen Fauthoux Mitxelenarekin hitz egin dugu.

Musikolore festibala indarrez itzuliko da Hendaiara ekainaren 30etik uztailaren 3ra. Munduko musikei eta kultura-aniztasunari eskainitako hitzorduak lau eguneko egitarau zabala eskainiko du, musika, zinema eta artea uztartuz. Aurtengo kartelaren izar nagusien artean Angélique Kidjo abeslari benindarra eta Puerto Candelaria talde kolonbiarra izango dira, baina tokiko eta nazioarteko beste hainbat artista ere igoko dira oholtzara.

Festibalak hainbat espazio hartuko ditu, besteak beste Gaztelu Zaharreko belargunea, Les Variétés zinema eta Errepublika plaza. Kontzertuekin batera, dokumental emanaldiak, zinema-topaketak eta familientzako doako jarduerak ere antolatu dira, publiko guztiei irekitako proposamena osatuz.

Hirugarren edizio honetako berrikuntza nagusietako bat Gaztelu Zaharreko kanpoko agertoki berria izango da. Horrez gain, antolakuntzak prezio eskuragarrien aldeko apustua egin du eta ekitaldi iraunkorrago baten aldeko neurriak indartu ditu, hondakinen murrizketa, mugikortasun jasangarria eta tokiko hornitzaileen erabilera sustatuz.

EGITARAU OSOA (+INFO)