Jazarpena eta eraso sexistak prebenitzeko Angela dispositiboan parte hartu dute Hendaiako San Bixente eskolako ikasleek

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 1a

Denentzako espazio publiko seguruago bat lortzearren, Hendaiako San Bixente eskolako ikasleek kaleko jazarpena, irainak eta eraso sexistak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko metodologia landu dute tailer eta formakuntza desberdinekin. Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroaren (EFEIZ) eskutik, gazteek bizi ditzaketen antzeko egoerak antzeztu dituzte, arriskuak identifikatu eta neurriak modu aktiboan hartzen ikasteko. Angela diploma jaso duten Ikasleek diotenez, «bortizkeriaren aurrean begira geratzea deus egin gabe, gertatzen uztea da».

Joan diren apirila eta maiatzean Emazteen eta Familien Eskubideei buruzko Informazio Zentroarekin (EFEIZ) Angela enbaxadore agiria lortzeko programa aurrera eraman dute departamenduko 25 ikastetxek. Haien artean, Hendaiako San Bixente eskolako ikasleek Angela dispositiboari buruz sentsibilizazio programan parte hartu dute gazteak kaleko jazarpenari eta irain sexistei buruz sentsibilizatzeko, eta ikaskideen artean prebentzio lan aktiboa egiteko. 

Segurtasunerako eta Delinkuentziaren Prebentziorako Tokiko Kontseiluko ekintzaren baitan burutu dute, eta zenbait hilabeteko engaiamendu honi esker, ikasleek hainbat tailer eta formakuntza egin dituzte. Trukaketak, lehiaketak, rol jokoak eta egunerokoan inspiraturiko egoera errealen bitartez, karrikako jazarpena mota desberdinak identifikatzen eta modu egokian erantzuten ikasi dute.

Hendaian egindako diplomaren banaketan, Claire Sabalo EFEIZeko zuzendariak argitu du, gazteek bizi ditzaketen antzeko egoeretatik abiatu direla. «Autobus geralekuan, ikastetxetik ateratzean edo garraioetan, rol desberdinak antzeztu dituzte egoerak hobeki ulertzeko eta, beren buruak arriskuan jarri gabe esku hartzen ikasteko», azaldu du. Alde horretatik, ikasleekin prebentzio neurriak eta metodologia landu dute hainbat ardatzetan oinarrituta: arreta, biktimekin hitz egin, dokumentatu, laguntzara bideratu eta egoera heldu baten edo baliabide-pertsona baten esku uzteko. 

Hendaiako herriko etxeak dioenez, agiri horren emateak herritar engaiamendu baten hastapena markatzen du. Jazarpena eta Familia arteko bortizkerien aurkako borrokaren ardura duen Bernard Gil zinegotziak nabarmendu duenez, «Diploma emateaz gain, garrantzitsua dena da egunerokoan gauzatuko dutena». Udalaren arabera, ikasle hauek gainontzekoentzat eredu izaten hasi dira, eta ondoko urteetan haien inguruan errespetua eta bortizkeria eza bezalako baloreak zabaltzeko balio izango du. 

San Bixente kolegioan, Philippe Bancon ikastetxe buruak eta Sophie Winom hezkuntza aholkulari nagusiak erantzukizun berri hori goretsi dute. Eta zaldu dutenez, teoria praktikata eramaten hasi dira, izan ere, gazte horietariko batzuk jadanik “begirale” eginkizuna betetzen dute, ikastetxean bakartasun edo ezinegon egoerak antzemanez.