Frantziarren besta nazionala ez du su artifizialekin ospatuko aurten Hendaiak. Uztailaren 13an urtero antolatzen den Txipiroi Bestaren programazioari mugarri garrantzitsua gehitu dio aurten Herriko Etxeak, Sokoburutik jaurtiko duten su artifizialarekin. Azalpenik ez du eman publikoki aldaketari buruz, baina jakin izan dugunez, Herriko Etxeko langileek uztailaren 14ko besta eguna gozatzeko nahia azaldu diete Herriko Etxetik hondartzako ostalariei. Logika ere badu erabakiak, Txipiroi Besta jendetsu eta familiarrean lekua baitu su artifizialak.
Gauzak hala, 23:55ean hasiko da su artifiziala, uztailaren 14ean hala ere suekin sartzeko moduan. Hondartzatik jaurtiko dituzte, Sokoburutik, eta segurtasunez Gurbitz karrikaren eta Portuko plazaren artean dagoen hondartza zatia itxiko dute, asteleheneko 9:00tatik landa.
Sokoburutik botatzeari esker, eta ez orain arte bezala Beltzeniatik, hondartza osotik eta bereziki Itsasoaren etorbidetik ikusten ahalko da su artifiziala.
Txipiroi besta, hamar elkarteri esker
Urteroko egitaraua izanen du uztailaren 13an Txipiroi Bestak, 18:00tan hasirik, elkarteen eskutik molde orotan kozinatutako txipiroiak jateko aukerarekin. Aurten, Akelarre, Endaika, Urpean, Ikastola, AVHU, Endaiarrak, Zarpai Banda, CNH, Stade Hendayais Hand Ball eta Stade Hendayais Rugby izanen dira bertan.
Animazioen aldetik, Donibane Lohizuneko Kaskarot bandak irekiko du besta 18:00tan, eta 19:00tatik landa Zarpai Bandakoen txanda izanen da. Bi oholtzatan izanen dira kontzertuak: Eukalipto karrikaren eta Mimosa etorbidearen artekoan Trio Alma Flamenca Latina ariko da 20:00tan, eta Patcha Mama 22:00etan. Palmondoko biribilgunean berriz, Katxi taldeak erromeria eskainiko du, 22:00etatik 2:00tara, su artifizialarentzat etena eginez.
Ohikoa denez, hainbat bide moztuak izanen dira hondartzan, eta aparkatzea zaila izanen da. Txik Txaken 14 eta 15 lineak 23:00ak inguruak arte martxan dira eta Hendaiako hondartza auzoekin eta Irunekin lotzea ahalbidetzen dute; su artifizialerako ez, baina Txipiroi Bestara joateko eta itzultzeko aukera egokia dira.