Jada hamar urte daramatza Hendaiako Herriko Etxeko Kultura eta Euskara zerbitzuak euskal kultura herritarrei hurbiltzeko aukera desberdinak eta erakargarriak garatzen. Gauzak horrela, aurten ere euskal dantza eta euskal kantugintza tailerrak jarri dituzte habian euskal kultura eta ondarean interesa daukan ororentzat. Atelier hauen helburua ez da jarduera hauek sakonki edo luzaroan praktikatzea, baizik eta ekintza hauekiko lehen harreman bat garatzeko espazioak bermatzea. Baita, Hendaian udan eta urtean zehar ospatuko diren bertze tokiko bestetan parte hartze aktiboa piztea; Euskal Bestetan, mutxikoetan edo Hendaia Kantuz-en adibidez.
Izen emateak eta adina
Aipatu moduan, euskal kulturgintzan interesa duen oro ongietorria izanen da, haur zein heldu. Haurrek zortzi urtetik goiti izan beharko dituzte. 8 eta 13 urte bitarteko haurrak tailerrean parte hartzen duen heldu batekin joan beharko dira derrigorrez, eta 14 urtetik gorako adingabeek gurasoen baimen izenpetua beharko dute.
Plazak mugatuak izanen dira, beraz, parte hartzaileei ikastaroa hasi aitzin tokia hartzea eskatzen zaie, ahal den neurrian. Erreserbak eta ordainketa linean eginen dira www.hendaye-culture.fr webgunearen bidez "Billetterie" atalean. Txartel bakarra hartu behar da pertsonaka eta ikastaroka. Txarteletan agertzen den data ikastaroaren hasierako bada ere, ikastaro osorako balio dute.
Prezioak
Prezio osoa: 20,50 euro - Helduak eta 14 urtetik gorako gazteak
Prezio murriztua: 10,5 euro - 8-13 urteko haurrak
BI ikastaroetarako Pass-a: prezio osoa 30,50 euro - prezio murriztua 15,50 euro