Azken egunetan Bilbo, Urduña, Gasteiz, Lizarra, Iruñea, Andoain eta Errenteriatik pasatu ondoren, COP31 ekimenaren atzoko etapa Hernanitik abiatu zuten, eta gure eskualdea zeharkatzeko Balazta bizikletaren aldeko elkarteko kideen laguntza jaso zuten. Goizeko 10:00etan Jaizkibel igo ondoren, Hondarribia eta Irun zeharkatu zuten. Elkarteak Larreaundi auzoan duen tailer kooperatiboa bisitatzeko aukera izan zuten, eta gero Azken Portuko bidegorritik Behobiara, eta bertatik Hendaiara sartu ziren, etapa Gaztelu aretoan amaituz. Bertan "Ensemble" proiektatu zuten, hain justu, munduko bizikleta zeharkaldirik handienaren berri ematen duen dokumentala. Coop31 martxako kideek Hendaian egin dute gaua, eta gaur Baionarako bidea hartu dute. Haien helburua Antalyan (Turkia) amaitzea da.
Ibilbidea apirilean abiatu zuten Belem (Brasil) hiritik, eta orotara 20.000 kilometroko ibilbidea osatuko dute, irailean Antalyan (Turkia) amaitzeko. Udako hilabeteak Portugal, Espainia, Frantzia eta Italia zeharkatzeko baliatuko dituzte, eta irailean Balkanetara heltzeko asmoa dute, bertatik Turkiara jotzeko. Azken hilabeteetan Ibilbidea sinbolikoa da, izan ere, Brasilgo Amazoniako Belem hiria COP30 kongresuaren egoitza izan da, eta heldu den azaroaren 9an Antalyan hasiko da COP31 ekitaldia.
Bizikleta eguneroko mugikortasunean karbono isuriak apaltzeko duen garrantzia nabarmentzea, eta klima aldaketaren kontrako politikak aldarrikatzea da zeharkaldi honen helburu nagusia. Eta COP ekimenean parte hartzen duen herrialdeek haien politiketan txirrindaren erabilera sustatzeko neurriak har ditzaten proposamenak aurkeztuko dituzte.