Hiri Besta lau egunez ospatzeko prest dira Enbata gaztetxean

Aimar Lopez 2026ko abuztuaren 5a

Ostegunetik larunbatera luzatuko da Hiri Bestako egitaraua Enbata gaztetxean, eta gustu ororentzako egitaraua ondu dute, Ekintza bezalako talde hendaiar historiko batekin, edo Superlore talde berriarekin, bertzeak bertze.

Badira hainbat urte Enbata gaztetxeak Hiri Besta ostegunez hasten duela, mus txapelketarekin eta inguruko pintxo-potearekin. Aurten ere hala eginen dute, eta lau eguneko bestak gozatzeko parada izanen da, helburu argiarekin: bestak hendaiarrentzat antolatzea eta herritarrek ospatzeko aukera izatea, gaztetxeko kide Larrun Aranzabalek eta Liher Geledanek azaldu dutenez.

Hala, ostegunean 18:00tan hasiko da mus txapelketa, izena ematea momentuan berean eginen da, bikoteka hamar euroren truke. Eta musean ari ez direnei ere luzatu diete gomita, giro ederra izaten baita gaztetxean arratsalde eta arratsean zehar.

Ostiralean, 20:00tan izanen da lehen kontzertua, Super Lore rock melodiko talde gipuzkoarraren eskutik, baina lehentxeago ere irekiko dute gaztetxea. 22:00etan, Ipar Euskal Herri luze zabaleko kideak -baita hendaiarrak ere- dituen Frigo taldearen txanda izanen da, ohiko giro ona hedatuz. Gaua bukatzeko ere eskualdeko DJa izanen dute, Urruñatik etorriko baitzaie DJ Bull.

Larunbatean, Xibalet txarangarekin irekiko dute gaztetxea 19:00tan, eta 20:00tan berriz, Hendaiako talde historiko bat oholtzara itzultzen ikusteko parada izanen da, Ekintza ariko baita Enbatan. Ondotik, Xibalet txarangakoak ariko dira berriz ere, Leizeak taldeari lekukoa eman ondotik. Gaua bukatzeko, DJ Martxira ariko dira giroa bero atxikitzen.

Igandean, ohikoa denez gaztetxeko eta inguruko elkarteetako komunitatea bilduko dute bazkari baten inguruan, Akelarrekoekin batera kabalkadan Ondarraitzera jo aitzin.

Enbata gaztetxeko kideek oroitarazi dute Hiri Besta giro herrikoi eta sanoan ospatzeko lekua dela gaztetxea, eta edonor ongi etorria bada, erasorik ez dutela onartuko. Halakorik pairatu edo ikusiz gero, txandan diren kideengana hurbiltzeko eskatu dute.