900 haur inguruk eskola sartzea egin dute Hendaiako eskola publikoetan

Antxeta Irratia 2026ko irailaren 2a

Atzo hasi zuten ikasturtea Hendaiako eskola publikoetan, eta Kotte Ezenarro auzapezak Lizardi eskolara bisita egin zuen. Herriko etxearen ardura den jantegien zerbitzua eta zaintza bermatzeko 99 langile bideratzen dituzte aurten, eskolaldian ez ezik, opor garaietako aisialdi zentroetan ere. 

Aurten 900 haur inguru sartuko dira Hendaiako eskola publikoetan. Horietatik 310 ama eskolan eta 577 lehen mailan. Kotte Ezenarro auzapezak atzo Lizardi ikastetxeko haurrengana hurbildu zen bazkalorduan, eskola sartze egunean. Chantal Kehrig Hirigintza eta Antolakuntzaren auzapezordea eta Patricia Hannibal Hezkuntza, Irakaskuntza eta Eskolaldi Ingurukoaren ardura duen axuantak ere parte hartu zuten bisitan.

Herriko etxeak du eskola publikoen jantegien ardura, eta aurten ikasleen %95ak eskolako jantegian bazkaltzen duela aditzera eman dute. Ama Eskolako txikienak ABLA langileen ardurapean dira, eta lehen mailakoak animatzaile batzuen ardurapean. Herriko etxeak argitu duenez, guztira jantegiak eta zaintzak antolatzeko ehun bat langile mobilizatzen ditu udalak. Hauetatik 18 ama-eskoletan, 42 animatzaile, 14 jantegiko agente eta 35 garbitzaile. Bazkalorduko ardura segurtatzen duten animatzaileek hiru aisialdi zentroetan ere dihardute eskolako oporraldietan: Haurtzaroaren Etxean (2-6 urte), Lizardi Txiki lehen haurtzaroaren harrera gunean (2-6 urte) eta Haurtzaroaren harrera gunean (6-13 urte).