Turismoak beherakada izan du Hendaian udako sasoi honetan

Aitor Errazkin

Aurten bisitari kopurua jaitsi egin da, eta horrek herriko ekonomian ere eragina izan du. Apartamentu turistikoei neurri hartu izanak eragina izan du, azken bi urteetan ostatu hartzeko 3.000 ohe galdu baitira herrian. Hala ere, AEBetako eta Alemaniako turista gehiago etorri dira aurtengo udan. Hendaiako Turismo Bulegoko langileak aurtengo turismoaren balantzea egin digu.

Hendaiak udako turismo denboraldia amaitu du, eta aurtengo balantzeak bisitari kopuruaren beherakada erakusten du. Hala ere, turistak Turismo Bulegora gerturatzen jarraitu dute informazio bila. Itxaso Hendaiako Turismo Bulegoko langilearen arabera, beherakadaren atzean hainbat arrazoi daude, besteak beste, Lo egiteko plazen  murrizketa. Izan ere, aurten 3.000 lo egiteko leku inguru galdu dira, hotel, kanpin eta etxebizitza turistikoen artean.

Ostatuen egoerari dagokionez, hotelak nahiko bete dira, baina kanpinen kasuan uztaila ez da hilabete ona izan. Abuztuaren 1etik aurrera, ordea, kanpinak bete egin dira. Gainera, Landetako suteek ere eragina izan dute turisten planetan eta erreserbetan.

Turisten profila ere aldatu egin da. Frantziako bisitari kopuruak behera egin duen bitartean, AEBetako eta Alemaniako turistak %25 inguru gehiago izan dira. Amerikarrak batez ere Santiagoko bidea egiteko etorri dira, egonaldi laburragoekin. Alemaniako bisitariak, berriz, familiarekin Hendaian igarotzeko egonaldi eta jarduerei buruzko informazio bila hurbildu dira.

Bisitari kopuruaren beherakadak eragina izan du herriko ekonomian ere, batez ere merkataritzan eta ostalaritzan. Kanpineko turista askok bertan kontsumitzeko joera izan dute, eta, ondorioz, herriko jatetxe eta dendetan gastu txikiagoa egin dute.

Jarduerei dagokienez, itsasoarekin lotutako ekimenek aurreko urteetako mailari eutsi diote, baina barrualdeko eta kultura-jarduerek beherakada izan dute. Horren adibide da Abbadia gaztelua, uztailean zein abuztuan %5eko jaitsiera izan baitu bisitarietan.

Uda amaituta, beste turista profil batzuk nagusitzen dira Hendaian, hala nola erretiratuak, Santiagoko Bideko ibiltariak eta autokarabanistak. Turismo bulegoak, bitartean, datorren denboraldia prestatzen jarraituko du, Hendaia berriz ere bisitari gehiago erakartzeko eta turismoaren eragina herriko ekonomian indartzeko.