CPIE Euskal Itsasbazterra elkarteak 40 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko udazkenerako egitarau zabala prestatu du. Jarduerek natura-ingurunearen babesa, zientziaren dibulgazioa, kultura eta herritarren parte-hartzea uztartuko dituzte.
Egitarauaren barruan, irailaren 26an erakusketa berria inauguratuko dute Asporotsttipiko Euskal Itsasbazterrezko Etxean. Erakusketak euskal kostaldeko higadura eta arrisku naturalak izango ditu ardatz, eta zientzialariek gai horiek aztertzeko erabiltzen dituzten ikerketa-metodoak ere azalduko ditu. Familiei eta haurrei zuzendutako tailerrak, bisita gidatuak, natura-irteerak eta Patrick Muz unibertsitateko irakaslearen hitzaldia ere izango dira.
Irailean bertan, beste bi hitzordu nabarmenduko dira: irailaren 19an, Bidarten, saguzarrak entzuteko gaualdia egingo da, Batbox gailuen bidez; eta Baionan, Frantziako Herpetologia Elkartearen Biltzar Nazionala egingo da, suge eta anfibioen inguruko ezagutza partekatzeko.
Urteurreneko ospakizun nagusiak urriaren 3an eta 4an egingo dira Abadian.
EGITARAUA:
Urriak 3, larunbata: 15:30ean KANKARRO natura ibilaldi artistikoa eta 19:00etan ilunabarreko ibilaldia eta piknika, biak erreserbaz.
Urriak 4, igandea: 11:00etan “Euskal kostaldea hemendik 40 urtera” mahai-inguru publikoa, klima, ekologia eta giza trantsizioei buruz.
14:30ean La Bot’A Marionekin sukaldaritza tailerra, sagarrak eta ozpinak baliatuz; 12 lagunentzako tokia eta aurrez erreserba.
14:30ean Sagartzea elkartearen eskutik sagardiaren bisita, Ipar Euskal Herriko bertako sagar barietateen eta sagarnoaren inguruan.
15:30ean KANKARRO zirku-ikuskizuna, dantza, musika eta zirkua uztartuz eta Euskal Herriko sagarraren kulturan inspiratuta.
16:00etan haurrentzako sagarraren olinpiadak, joko eta erronken bidez kultura eta tradizioak ezagutzeko.
17:00etan txalaparta erakustaldia, eta, horrez gain, bioaniztasunerako aterpeak egiteko tailerra, sagar-jus dastaketa, bertako produktuen salmenta eta taloak.
Ekimenetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatu dute. Egitarau osoa CPIE Euskal Itsasbazterraren webgunean kontsulta daiteke.