Sokoako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak 20.000 eusko banatuko ditu beharra duten lankideen artean

Antxeta Irratia

2025etik diru-sarrerak galdu dituzten langile bakoitzari 'Elkartasunezko Txartelak' emango dizkiete,. Gehienez ere 160 eusko balio duten txartel horiek Euskal Moneta elkartearen partaide diren Hendaia, Urruña, Ziburu eta Senpereko elikagaien sei saltegitan erabiltzeko izango dira, sustengu soziala eta tokiko ekonomia biziarazi nahi izan baitute aldi berean. 

Sokoa bulego aulkien lantegiko Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE) elkartasunezko ezohiko ekintza bat plantan eman du. Tokiko ekonomia eta langileen erosahalmena sustatzeko, 20 000 eusko banatuko dituzte langile batzuen artean. Batzordetik argitu dutenez, 2025az geroztik bere jardueraren beheraka handi bati aurre egin behar izan dio Sokoak, eta “Epe Luzerako lan denbora partziala” (APLD-R) garai batzuk ezagutu ditu. Horrek soldata galtzeak ekarri dizkie langile batzuei. Eta egoera honen aitzinean, Sokoako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE), salbuespen gisa, kaltetutako langileei zuzendutako laguntza bat plantan eman nahi izan du. 

Hala ere, laguntza hori tokiko ekonomia lagunduz eta ekonomia zirkularraren irizpideetan ematea erabaki dute. Eta Euskal Moneta Elkartearekin lankidetzan, tokiko monetaren hautua egin du Gizarte eta Ekonomia Batzordeak. Orotara 20.000 eusko - hau da 20 000 euroko erosahalmena - ezarriko dira zirkulazioan. Eta laguntza 160 euskora hel daiteke langile bakoitzeko.  

Argitu dutenez, eskaeren konfidentzialtasuna bermatzeko, gizarte laguntzaileari laguntza galdetu diote, eta eskaera bakoitza kasuz kasu aztertuko du.  “Elkartasunezko Txartelak" banatuko dituzte, eta hauek elikagaien sei saltegi partaidetan bakarrik erabili ahal izanen dituzte Hendaian, Urruñan, Ziburun eta Senperen. Batzordeko ordezkariek azaldu dute diru-sarrera galdu duten langileei sustengu zehatza ekarri nahi zietela,  «eta aldi berean, tokiko ekonomia eta hurbileko saltegiak biziarazi». Eusko txartel solidarioekin, beraz, bi helburu hauek uztartzen dituzte.