Euskara herriko hizkuntza gisa aitortu du Hendaiak

Antxeta Irratia

Hendaia euskararen aitortza egin duen Ipar Euskal Herriko 13. herria bilakatu da. Herriko kontseiluak aho batez onartu du euskararen aitortza, «Frantziako ondarearen parte den heinean, frantsesarekin batera». Gobernu taldeak zehaztu duenez, Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, frantsesa baita Errepublikaren hizkuntza. Aitortza sinbolikoa izanagatik ere, ez du euskararen erabilera publikorako eskubiderik sortzen.

Hendaiako Herriko Kontseiluak euskara herriko hizkuntza gisa aitortzea bozkatu du barda. Aho batez onartua izan da, «Frantziako ondarearen parte den heinean, frantsesarekin batera». Kotte Ezenarro auzapezaren gehiengoaren taldeak zehaztu duenez, Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, frantsesa Errepublikaren hizkuntza baita.

Aitorpen horrek, ez du euskararen erabilera publikorako eskubiderik sortzen. Beraz, balio sinbolikoa du gehiago, praktikoa baino. Udal Gobernuak bide legala hartu du Hendaian, Azkainen egin izan duten bezala. Michelle Mounios, Hizkuntza politikaren axuanta pozik agertu da aho batez bozkatu izanaz. Baina nabarmendu du, Frantziako Konstituzioa errespetatu denez, ez duela prefetaren oharrik espero. «Berri ona da eta baieztatzen du ere Hendaiak zer lana egiten duen euskararen alde duela jada 40 urte», azpimarratu du. Gogoratu behar da alde horretatik, Hendaiakoa izan zela IPar Euskal Herriko aurreneko herriko etxea euskara teknikari postu bat sortzen. 

Hendaia beraz, 13. herria da euskararen aitortza egiten duena Ipar Euskal Herrian. Oposizioko Hendaia Biltzeneko Paulo Arzellusek horrela baloratu du. «Begien bistakoa da, Euskal Herriak euskararekiko atxikimendua duela, eta euskara herriko eta lurraldeko hizkuntza dela», dio hautetsi abertzaleak, «jokoz kanpo ari dena prefeta da, XIX. mendeko irizpide politikoak aplikatuz, eta zalantzan jarriaz euskara dela gure herriko hikzuntza». Hartara, Hendaiak egin duen bezala, bere ustez garrantzitsuena da herri gehienek horrelako deliberoak bozkatzea.