Jean-Baptiste Daramy skipper hendaiarrak 56.000 itsas milia egingo ditu 2028ko Vendée Globerako prestaketan

Antxeta Irratia

Hendaiako Udalaren, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren eta beste hainbat babesle pribaturen laguntzarekin 2029 urtera bitarteko proiektua garatuko du. Hiru urtetan bederatzi aldiz zeharkatuko du Ozeano Atlantikoa, eta Hendaiako portuan 400 metro koadroko gune tekniko bat egokitu dute, hendaiarrek giza eta kirol abentura honen prestaketa gertutik jarraitzeko aukera emateko. Aurreneko erronka azaroaren 1ean du, Route du Rhum zeharkaldian, Bretainako Saint Malotik abiatu eta Guadalupeko Pointe‑à‑Pitre porturaino 3 542 milia nautikoko (6 540 kilometro) lasterketarekin.

Atzerako kontaketa hasi da Jean-Baptiste Daramyrentzat. Bere bizitzako ametsa beteko du, izan ere, 35 urtez nabigatzen eman ondoren, Vendée Globe itsas-lasterketa mitikoan parte hartuko du. Zehazki 2028ko edizioan. Baina hitzordu hori prestatzeko 56.000 itsas milia nabigatu eta bederatzi zeharkaldi transatlantiko egiteko erronka onartu du. Hendaiako herriko etxea eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren babesarekin 2026ko Route du Rhum, Transat Café L'Or 2027an, eta Transat English Channel Race egingo ditu, 2028an Vendée Globe proba prestatzeko. Eta ondoren, beste Transat Café L'Or bat aurreikusita du 2029an.
 
Haatik, kirol erronka honen proiektuak dimentsio soziala ere badu. Eta erakunde publikoekin adostutako lankidetzaren etapa ezberdinetan, aparteko abentura honetan parte hartzeko aukera emango diete hendaiarrei. Hendaiako portuan 400 metro koadroko gune tekniko bat egokitu dute proiektuaren garapenerako, eta bisitagarria izango da.
 
 
Jean-Baptiste Daramyk bere esperientzia bertako bizilagunekin partekatu nahi du. Eta datozen urteetan udal ekitaldietan eta bizilagunekin zein eskolartekoekin egingo dituen topaketa ezberdinetan parte hartuko du. Aurkezpenean aditzera eman dutenez, itsas lasterketen mundua partekatzeaz gain, bere esperientzia transmititzeko helburua du, eta tamainako abentura batek suposatzen duen konpromisoaren eta norberaren mugak gainditzearen balioak partekatuko ditu sentsibilizazio jardueretan.
 
Lehen erronkarako prest
 
Esan bezala, hainbat itsas zeharkaldi egingo ditu. Horretarako 18 metro luzeko IMOCA diseinuko belaontzia izango du bidelagun. Eta aurreneko hitzordua heldu den azaroan izango du Route du Rhum lasterketan. Saint-Maloko kostaldetik gertu, 118 patroik izena eman dute edizio honetan. 
 
Daramyrentzat ez da esperientzia berria, izan ere, bitan parte hartu du. Baina bere markak hobetzeko helburua du oraingo honetan. Ekainetik prestatzen ari da, eta argitu duenez, zeharkaldia 14 egunetan egitea espero du, aurreko saiakeretan 17 egun behar izan zituen bitartean.