Sagarraren Festak eta Euskal Itsasbazterra elkartearen 40. urteurrenak bat egin dute Abadia eremuan

Aitor Errazkin

Igande honetan, Abadiako eremuan 21. Sagarraren Festa ospatu zuten. Aurtengo ekitaldia Euskal Itsasbazterra CPIE elkartearen 40. urteurrenarekin batera egin zen. Egun osoan zehar, jarduera eta ekimen ugari izan ziren publikoarentzat.Sagar prentsaketa, tokiko produktuen azoka eta haurrentzako jolasak izan ziren protagonistak. Euskal itsasbazterraren etorkizunaz ere hausnartu zuten, trantsizio ekologiko eta klimatikoaren erronkak hizpide hartuta

21. Sagarraren eta prentsaketaren festa ospatu zuten Abadiako eremuan, Hendaiako Garapen Iraunkorraren 18. astearen baitan. Aurtengo hitzorduak Euskal Itsasbazterra CPIE elkartearen 40. urteurrenarekin bat egin du, eta egun osoan zehar ekintza ugari antolatu dituzte.

11:00etatik 18:00etara, bisitariek ohiko sagar prentsaketa publikoa eta zuku dastaketan parte hartzeko aukera izan zuten. Horrez gain, tokiko produktuen azoka, taloak, txalaparta eta haurrentzako sagar olinpiadak ere izan ziren. Biodibertsitatea babesteko tailerrak eta SAGARTZEA elkartearekin sagastira egindako bisita ere antolatu zituzten.

Eguneko beste une garrantzitsuetako bat mahai-ingurua izan zen. «Euskal itsasbazterra hemendik 40 urtera?» izenburupean, trantsizio ekologiko eta klimatikoek datozen urteetan ekarriko dituzten erronkei buruz hausnartu zuten. Euskal Itsasbazterra CPIE elkartearen 40. urteurrenak, beraz, iraganari begiratzeaz gain, etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharra ere azpimarratu du.

Igande hontako hitzorduaren inguruan, Jon Frahier, Euskal Itsasbazterra CPIEko misio-kargoduna, eta Gabriel Durruty, SAGARTZEA elkarteko ordezkariarekin hitzegin genuen.