Hendaiako 'Auzo Batzorde' berrietarako ordezkariak bilatzen dituzte

Antxeta Irratia

Joan den irailaren 30ean, Hendaiako Herriko Kontseiluak sei Auzo Batzorde sortzea onartu zuen aho batez. Orain "Nire hiria, nire auzoa" lemapean, batzorde hauetako ordezkari izateko hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute azaroaren 5a arte. Argitu dutenez, herriko etxea eta auzokideen arteko transmisio lanak egiteko, 16 urtetik gorako hendaiarrak aurkeztu daitezke, eta hiru urteko engaiamendua eskatzen dute modu boluntarioan. Hunkitutako auzoan bizi direnek ez ezik, auzoan elkarte edo jarduera ekonomikoren batean dihardutenek ere parte hartzen ahalko dute.

Auzoko bizilagunen iritzia jaso, herriko etxearen informazio bitartekari funtzioa bete, eta funtsean, parte-hartzea sustatu nahi duen Auzo Batzordeen ekimena abian jarri nahi du Hendaiako Herriko Etxeak. Joan den iraileko Herriko Kontseiluan aho batez onartu zuten herria sei Auzo Batzordeetan antolatzea. Hartara, Dongoxenia-Sopite-Agerria-Ascubia, Lizardi-Orio, Hondartza, Intzura (Joncaux), Geltokia eta Hiribarnea-Harrixabaleta (Bas Quartier) eremuetan egituratu dute. 

Proiektuaren helburua interes orokorra duten proiektuetan parte-hartzea sustatzea da. Eta auzokideek egin ditzaketen ekarpen partikularrak jasotzeaz gain, tokiko administrazioa auzoetara hurbiltzea. Kontuan hartu behar baita, batzorde bakoitzak bere eskualdea zuzenean hunkitzen duten gaiak lantzen ahalko dituela. Halaber, Auzo Batzordeak herriko etxea eta biztanleen arteko informazio-bitartekariak izanen dira herriko proiektuak ezagutaraziz, eta auzoetako arazoen eta behaketen berri emanez.

Argitu dutenez, parte-hartze demokratikoaren kultura sustatu nahi da elkarrizketa bidez, eta arau argiak ezarri nahi dituzte, errespetua, arreta, gardentasuna eta neutraltasuna. Alde horretatik, batzordeak interes orokorrari erantzuten dio, eta udalak azpimarratu duenez, ezin dira baliatu politika, sindikatu, erlijio, merkataritza edo interes pertsonala duten helburuetarako.

Esan bezala, Auzo Batzordeak sortzeko ordezkariak beharrezkoak dira, eta azaroaren 5a artean hautagaitza aurkezteko herriko etxeak paperean izena emateko aukera ematen badu ere, Internet bidez ere egin daiteke hemen sakatuta.