Hendaiako Borderline Fabrika tren geltokiaren joan-etorri azkarraren erdian kokatua badago ere, presak jaten gaituen bizimodu azkarraren erdian, kultura patxadaz gozatzeko gune bat proposatzen du urtero. Badira 10 bat urte SNCFak Akitaniako tren geltokietan prekarioan edo hutsik zituen 30 bat lokal kultura eta eragile sozialen proiektuetarako eskaini zituela alokairuan.
Proiektu horietariko bat Hendaiako tren geltokian zegoen garai bateko jatetxearen espazioan instalatu zen, herriko sortzaile eta artista ezberdinek sortutako Borderline Fabrikarekin. Proiektua amesten hasi eta urtez urte garatzen joan bada, hasiera ospatzeko Lehen Harria Festibala antolatu zuten. Eta pandemia garaian kale egin behar izan zuten arren, urtez urte harri bat gehiago jartzen dute.
Asteburu honetan, 8. Harria Festibala ospatuko dute, arte eszenikoen topagune gisa. Ander Fernandez, Borderline Fabrikako kideak aitortu digu kultur areto eta topagune bilakatu dela, baina haien filosofia atxikitzen dutela. «Beti izan dugu gure aktibitateen arteko talka edo azaltzeko zailtasuna, ezohiko espazio bat delako», dio fabrikan dabilen Rouge Elea konpainiako kideak, «baina batez ere lantoki bat da, horregatik deitu genuen fabrika».
Hartara, urtean zehar sormen lana egiten duten konpainia eta artista ezberdinekin ez ezik, «nolabait sintonia berean jaso ditzakegun artistak eta proposamen mota ezberdinak biltzen saiatzen gara dauzkagun ahal ekonomiko eta indarrekin», argitzen du. Eta horren adierazle da Harria Festibala ere. Pittaka-pittaka sendotzen joan den hitzordua da, eta arte diziplina ezberdinak elkartzen dituen heinean, «eskarmentu handia duten artistak eta hasiberriak edo lan berriak aurkezteko parada» ematen du. Aurtengoan ere, hiru egunez Hendaiako Geltoki auzoa dinamizatuko dute, dantza, musika, zirkua, sormen artistiko eta performance ibiltari batekin.
Programa oparoa eta anitza
Festibala urriaren 9an, ostiralean, 19:00etan estreinatuko dute Irun eta Hendaia arteko oinezkoen Abenida Zubian. «Urtero ikusgarri bat bertan antolatzen dugu, gustukoa dugu duen sinbolismoagatik» dio Fernandezek. Aurten dantzari garrantzi berezia eskainiko diote, eta ostiraleko emanaldietan hiru dantza pieza izango dira «prozesuan daude batzuk, eta aurre estreinaldiak besteak», baina Ipar zein Hego Euskal Herriko dantzariak elkartuko dituzte. Cie Menulis konpainiaren "Bota" obraren estreinaldia izango da aurrena, Xabi Darraiet, Joana Millet eta Jon Vernierrekin. Ondoren, 21:00etan eta Boderline Fabrikan, Cie Départ de Feu konpainiaren "Nous sommes un cheval en flamme" ordu erdiko obra taularatuko du, eta jarraian Nerea Gurrutxaga artistaren eskutik duela gutxi estreinatu zuen "Furfuria" bakarkako lana.
Larunbatean, berriz, diabolo tailer batekin hasiko dira 14:30ean. Antolatzaileek argitu dutenez, zirkoaren presentzia du festibalak urtero, eta Nico Pirès, diziplina anitzeko artista mundu mailako adituenetako bat da. "Le cas rapace" txori xelebrearen ikusgarria aurkeztuko du 18:00etan, baina aurretik diabolo tailerra emango du denei irekia. Ondoren, 16:15ean Borderline Fabrikako galaxiaren inguruan dabiltzan sorkuntza kolektibo bat proposatzen dute Espe Lopez eta Oier Guillanek. Ander Fernandezek iragarri duenez, ibiltaria izango da, Borderline Fabrikatik abiatu eta benida Zubian amaituz berriz ere.
Jarraian, Oscar Gomez Mata eta Juan Loriente, Rodrigo Garcíaren taldeko bi komedianteek osatzen duten L 'Alakran konpainiaren MAKERS ITINERANTE tituluarekin identifikatu gabeko objektu Ibiltari bat proposatuko dute. Bi artista hauek Eskoziako Makerren arrastoen atzetik doaz, Erdi Aroko trobadoreen antzera. Hain justu, joan den udan Hondarribiko Alde Zaharrean aritu ziren Maddalen Arteguneak proposatutako kultur ekintzen barruan.
Larunbateko egitaraua borobiltzeko zuzeneko musika izango da gaueko 22:00etan. Edredon sensible Okzitaniako Tolosako taldeak La meute taldearen lehen zatia izan zen nazioarteko biran. Eta bi saxofoi eta bi bateria dituen laukote hau Euskal Herrira itzuliko da.
Igandean, azkenik, urtero antolatu ohi duten auzoo bazkaria egingo dute Borderline Fabrikan, tren geltokiaren plazan. Eta bazkalaurrekoan, 11:30ean, artea eta natura uztartuko duen mahai-inguru bat antolatu dute "Lorategiak mugimenduan" lelopean. Fernandezek azaldu duenez, James Taylor (Korrika egiten duen basoa, Urruña- Hendaia), Isabel Ferreira eta Eduardo Bonito (Labea, Iruñea), Amaia Gabilondo, Alazne Goñi eta Miren Beitia (Garaion sorgingunea, Ozaeta, Araba) esperientziak partekatuko dituzte natura eta artea elkar harremanetan jartzeko.