Asteburuko istiluak gaitzetsi ditu Kotte Ecenarrok eta modu baketsuan mobilizatzera deitu du

Antxeta Irratia

Asteburuan Frantzia osoan emandako istiluak «onartezinak» direla salatu du Kotte Ecenarro auzapezak gaur Herriko Etxean deitutako elkarreratzean. Herritarrei zuzendu zaie eta «manifestatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna oinarrizkoak» direla aitortu badu ere, «hurrengo manifestaldiak isilik, pertsonak eta ondasunak errespetatuz eta inolako arazorik gabe» egiteko deia luzatu du, «demokraziaren eta errepublikaren balioak» babesteko. Hendaia Biltzeneko Laetitia Navarronek, aldiz, bortizkeria oro «alde bateko zein bestekoa» gaitzestu du, baina «herriak kaleak hartzera bultzatu duten arrazoiak» gogoan hartu behar direla azpimarratu du.

Hendaiako auzapezak asteburuan Frantziako estatuan emandako istiluak gaitzesteko elkarreratzera deitu du gaur eguerdian. 50 bat herritarrek bat egin dute Errepublika plazan, udal langile eta plazako dendariekin batera. Herriko Kontseiluko hainbat ordezkariez babestuta, Kotte Ecenarrok hitza hartu du labur, «indarkeriaren biktima izan diren udalerriekin elkartasuna» adierazi nahian. Kalteak jasan dituzten udalerriekin gogoratu da, eta bereziki Limogeko udaletxea erre izana deitoratu du. 

Auzapezak argitu duenez, «udaletxe bati erasotzea, etxe komunari, tokiko demokraziari eta Errepublikaren balioei erasotzea» den heinean, asteburuan emandako istiluak «onartezinak» dira bere ustetan. Hala ere, «manifestatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna oinarrizko eskubideak» direla nabarmendu du Ecenarrok, eta herritarren aldarrikapenak eta desirak «adierazi eta entzun» behar direla aitortu du. Alde horretatik, Hendaiako auzapezaren arabera, modu baketsuan aldarrikapenak egiten dituzten herritarren mobilizazioak eta indarkeria aukeratzen dutenen ekintzak ez dira nahastu behar.

50 bat hendaiar hurbildu dira auzapezaren mezua entzutera

Horregatik, denon erantzukizunari dei egin du Ecenarrok. «Egin dezagun hurrengo manifestaldiak isilik, pertsonak eta ondasunak errespetatuz eta inolako arazorik gabe burutzea», eskatu du, desadostasunen gainetik «errespetua, elkarrizketa eta elkarrekin bizitzeko gaitasuna» balioan jarri nahian. «Haserreak adierazi eta sinesmen desberdinak defendatu ditzakegu», esan du, demokraziaren balioak babesteko deialdia luzatuz, «baina orain inoiz baino gehiago, lasaitasuna, elkartasuna eta batasuna behar ditugu».

Oposizioa ados, bere ñabardurekin

Oposizioko talde nagusiak, Hendaia Biltzenek bere partetik, azken momentuan egindako deialdiarekin bat egin du funtsean, «indarkeria oro» gaitzetsi behar delako. Baina Laetitia Navarron abertzaleen bozeramaileak gogoratu du bortizkeria gaizki dagoela alde batetik zein bestetik, poliziak populuaren kontra azken asteetan eragindakoa gogoan hartuz.

Alde horretatik, asteburuan gertatutako istilu eta ezbeharretatik haratago, «herriak kaleak hartzera bultzatu duten arrazoiak» nabarmendu ditu Navarronek. «Hendaian behar bada ez da Parisen bezala, baina lizeoetatik ikasleek abiatutako mugimendu batetik dator, eta denok dakigu hemen ere zein zaila den baldintza duinetan ikastea, etxebizitza lortzea, erosketak egitea eta oro har hilabete bukaerara iristea», argitu du erosahalmenaren galerak eraginda, Frantzia osoan 800.000 pertsona kalera atera direla gogoan hartuta.