Sokoburu Surf Jaiak zazpigarren edizioa ospatuko du azaroaren 14an

Aitor Errazkin

Sokoburu Surf Jaiaren zazpigarren edizioa azaroaren 14an, larunbatarekin, ospatuko da Hendaian.16 urtetik beherako surflari gazteak izango dira protagonista.Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 130 surflari baino gehiago bilduko dira bertan. Jaialdia Hendaiako Surf New School eta Irungo Central Surf Eskolak elkarlanean antolatu dute.Ekimenaren nondik norakoak ezagutzeko, Liher Geledan Hendaiako Surf New Schooleko kidearekin hitz egin dugu

Sokoburu hondartzak surf gazteenaren festa hartuko du azaroaren 14an, larunbatarekin. Sokoburu Surf Jaiaren zazpigarren edizioan 16 urtetik beherako 130 surflari baino gehiago elkartuko dira, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorrita.

Jaialdia Hendaiako Surf New School eta Irungo Central Surf Eskolak elkarlanean antolatzen dute, gaztetxoen artean surfaren zaletasuna sustatzeko eta kirolaz giro onean gozatzeko helburuarekin.

Goizeko 08:00etan hasiko da jardunaldia, parte-hartzaileen izen-emateak baieztatuz. Ondoren, 09:15ean, lehen txandako probak hasiko dira. U8, U10, U12, U14 eta U16 kategorietan banatuta ariko dira neska-mutilak. Antolatzaileen asmoa ez da sailkapen zorrotz bat egitea, gaztetxo guztiek esperientziaz gozatu eta surf egiteko aukera izatea baizik. Horregatik, parte-hartzaile guztiek bigarren txandan ere hartuko dute parte.

Eguerdian, 12:00etatik 13:00etara, parte-hartzaile guztiek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute. Arratsaldean, bigarren txandaren ostean, kategorietako finalak jokatuko dira, eta 17:30ean jaialdiari amaiera emateko musika, skate erakustaldia, sari-banaketa eta zozketa egingo dituzte.

Ikusleentzako sarrera doakoa izango da, eta egun osoan zehar surf giroaz gozatzeko aukera izango dute Sokoburuko hondartzan.

Liher Hendaiako Surf New Schooleko kidearekin hitz egin dugu zazpigarren edizio honen prestaketez, jaialdiaren helburuez eta surf gazteenak biziko duen egun berezi honetaz gehiago jakiteko.

EGITARAUA:

 • 09:15: Lehen itzuliko lehiaketa hasiera
 • 12:00 - 13:00: Bazkaria parte-hartzaile guztientzat (Bar à Manger-ek prestatua)
 • 13:00: Bigarren itzulia
 • 16:00: Kategoria desberdinetako finalak
 • 17:30: Musik skate, sari-banaketa eta zozketa

Informazio gehiago edo argazkiak ikusteko, ekitaldiaren Sokoburu Surf Jaia Instagram orria edo Hendaiako Turismo Bulegoa bisita ditzakezu.