Hendaiako hautetsiek Herriko Kontseiluan euskaraz egitea debekatzeko helegitea aurkeztu du prefetak

Koldo Nausia

Herriko Kontseiluetan hautetsiek euskaraz mintzatu eta frantsesera itzultzeko aukera ohikoa bada ere, ez da legezkoa Mathie Duhamel Baionako suprefetaren arabera, «frantsesa ezin baita itzulpen hizkuntza izan». Irailean euskara herriko hizkuntza gisa aitortzea onartu zuten aho batez, eta ohikoa duten praktika udal arauetan integratzea deliberatu zuten. 
 

Hendaiako Herriko Kontseiluak euskara herriko hizkuntza gisa aitortzea bozkatu zuen irailean. Aho batez onartu zuten «Frantziako ondarearen parte den heinean, frantsesarekin batera». Kotte Ezenarro auzapezaren gehiengoaren taldeak zehaztu zuenez, Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, frantsesa Errepublikaren hizkuntza baita.
 
Argitu zutenez, aitorpen horrek, ez du euskararen erabilera publikorako eskubiderik sortzen. Beraz, balio sinbolikoa du gehiago, praktikoa baino. Udal Gobernuak bide legala hartu du Hendaian, Azkainen egin izan zuten bezala. Michelle Mounios, Hizkuntza politikaren axuanta pozik agertu zen egindako urratsarekin, eta nabarmendu zuen Frantziako Konstituzioa errespetatu denez, ez zuela prefetaren oharrik espero. «Berri ona da eta baieztatzen du ere Hendaiak zer lana egiten duen euskararen alde duela jada 40 urte», azpimarratu du. 
 
Gogoratu behar baita alde horretatik, Hendaiakoa izan zela Ipar Euskal Herriko aurreneko herriko etxea euskara teknikari postu bat sortzen. Hendaia 13. herria izan da euskararen aitortza egiten duena Ipar Euskal Herrian. Oposizioko Hendaia Biltzeneko Paulo Arzellusen aranera, «begien bistakoa da, Euskal Herriak euskararekiko atxikimendua duela, eta euskara herriko eta lurraldeko hizkuntza dela», eta hautetsi abertzalearen arabera, «jokoz kanpo ari dena prefeta da, XIX. mendeko irizpide politikoak aplikatuz, eta zalantzan jarriaz euskara dela gure herriko hizkuntza».
 
Alabaina, euskararen kontrako gurutzadarekin aurrera segitzen du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Eta oraingo honetan Hendaiako Herriko Etxeak hartutako delibero bat erretiratzeko eskatu du Mathie Duhamel Baionako suprefetak. Herriko Kontseiluko bilkuretan ohikoa da euskaraz dakiten hautetsiek euskaraz egitea lehen hitzak, ondoren frantsesera itzultzeko. Aspalditik dute praktika hori, baina iraileko bilkuran egindako aitortza sinbolikoarekin batera, herriko etxeko araudian integratzea erabaki zuten. Baina suprefetaren iritziz, hori ez da legezkoa, frantsesa ezin baita itzulpen hizkuntza izan.