Tren geltokiko segurtasun pertzepzioa hobetu eta prebentzio lanak egiteko hitzarmena sinatu du SNCFak Hendaiako Udalarekin

Trenbide eremuaren segurtasuna koordinatzeko elkarlana indartuko dute udaltzainekin batera, gerta daitezkeen "jokabide antisozialak, portaera arriskutsuak eta segurtasunaren aurkako mehatxuak" hobeto prebenitzeko xedez. Urtero miloi erdi bidaiari baino gehiago jasotzen ditu tren geltokiak. 

SNCFak eta Hendaiako Herriko Etxeak tren geltokiko segurtasuna hobetzeko lankidetza indartzea erabaki dute. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Séverine Delacour SNCFko eskualdeko Segurtasun Eremuko zuzendariak hitzarmena sinatu dute horretarako. Aditzera eman dutenez, "jokabide antisozialak, portaera arriskutsuak eta segurtasunaren aurkako mehatxuak" hobeto prebenitzeko helburua dute. Izan ere, Hendaiako tren-geltokia mugimendu handiko eremua da. Fréquentation gare trenbide operadorearen iturri ofizialen arabera, 2025an 568.879 bidaiari hartu zituen, eta tren zerbitzuetan, tren geltokian eta bere inguruetan prenentzioa hobetzeko beharra ikusi dute. Hitzarmen honi esker, udal-zerbitzuen eta SNCFko trenbide-segurtasun sailaren orain arteko koordinazioan sakonduko dute, informazio-fluxua, esku-hartzeen koordinazioa eta arriskuen prebentzioa hobetzeko.

Kotte Ezenarro auzapeza trenbide eremura egindako bisitan.

Horren arabera, udaltzainak eta SNCFren segurtasun zerbitzuek beren prebentzio eta kontrol jarduerak koordinatuko dituzte Hendaiako tren geltokian, prebentzio lana egin eta bidaiarien segurtasun pertzepzioa hobetzeko asmoz. 

Alde horretatik, trenbide eremuaren segurtasunean eragina izan dezaketen gertaerei buruzko informazioa trukatuko dute, baita kontrol-eragiketei eta geltokian segurtasun-langileen presentziari buruzkoa ere. Argitu dute, orain artean SNCFren segurtasun-zaintza unitateak eta Segurtasun eta Delituen Prebentziorako Tokiko Kontseiluak (CLSPD) egiten dituzten bileretan ere integratzen direla. Baina delituen prebentzioari buruzko oinarrizko helburuak bat etor daitezkeen arren, akordio honek esparru bereizi gisa funtzionatuko du, bere helburu eta prozedura operatibo espezifikoekin.

Era berean, larrialdietan koordinazioa erraztuko dute 24/7, kontuan hartuta, SNCFren Segurtasun Nazionaleko Aginte Zentroak (PCNS), polizia eta jendarmeria zerbitzuekin koordinatuta lan egiten duela.