Hondarribiko HAPOari (Hirigintza Antolamendu Plan Orokorra) 123 alegazio aurkeztu diete herritar, kolektibo eta talde politikoek. Herritarren parte hartzea bultzatu nahian udalak irailaren 29ra arte luzatutako epean, 200ndik gora herritar mobilizatu dira, aurrez-aurreko saioetan zein Itsas Etxean antolatutako erakusketan interesatuz. Orain ekarpen guztiak teknikoki aztertzeko lanetan dihardute. Dena dela, hauek planean barneratu ahal izateko, “aldaketa sustantzialak” izan daitezkeen heinean, atzera egin ala agintaldi honetan hiria garatzen hasteko tresna eskuartean edukitzeko, dagoenarekin aurrera egiteko debate politikoa izango da datozen hilabeteetan.
Hori argitu nahi digu Goizeko Kafean, Estitxu Urtizbereak, Hondarribiko alkateorde eta Hirigintza arloko ordezkariak. “Udal gobernu honen asmoa ez da HAPOa bertan behera uztea, laupabost urtez atzera egitea suposatuko lukeelako. Baina gauzak ondo egitea lehenetsiko dugu eta atzera egin behar baldin bada egingo dugu”, iragarri du.
Hirigintza modernoa eta bisturia
Aitortu du “premiazkoa” dela HAPO berria lehenbailehen onartzea, baina EAJk udal gobernuari prozesua luzatu izana leporatu badio ere, Abotsanitzek argi du “etorkizuneko Hondarribia marrazteko beharrezkoa den planoa ahalik eta adostasun mailarik handienarekin, patxaraz eta aldaketa klimatikoaren erronkei ez ezik, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien” dokumentua osatu beharra dagoela. “Zenbait kasutan bisturia sartu, eta hirigintza ikuspegi modernoa behar dugu, fokoa gauza txikietara eraman, eta auzoetan eta mikroan begirada pausatu”, dio.
Gogoan hartu beharra dago, 2017ko HAPOa epaileek bertan behera utzi eta gero, gaur egun 90. hamarkadako dokumentuan oinarritzen direla gaur egungo erabakiak. Herriko hiru enpresek (Alkain, Eroski eta Nautica Aldats) Eskapatxulori lotuta aurkeztutako helegiteak partzialki onartu zituen epaileak, eta bere osotasunean atzera bota zuen plana. Oraingo honetan, herritarren partehartzea bultzatu izanaren garrantzia nabarmentzen du Urtizbereak. “Alegazio batzuk kriston lanak dira, baton batek bere denbora hartu du, eta akats teknikoak zeudela ohartzeko balio izan dute ekarpen horiek, presaka egitearen ondorioz HAPOak zituen akats teknikoak”, argitu du.
Arazo klasikoak sakontzearen aurka
Nolanahi ere, 1.600 etxebizitza berri inguru aurreikusten dituen HAPOak, bizitoki sozialetan aurreikusten dituen transferentziekin ez dago ados udal gobernua, beste hainbat irizpideekin batera. “HAPO honen kontra egin genuen oposizioan geundela, ez gaude landa lurrak desnaturalizatzearen alde eta mugikortasun ereduak iruditzen zaigu arazo klasikoak sakontzen dituela”, azpimarratu du. Eta hirian egin daitekeen garapen urbanistiko orok suposatuko dituen ekipamendu edota errepide berrien beharrak ere gogoan hartu nahi ditu. “Mugikortasuna eta ingurumena zaindu beharra dugu, eta hori 10-12 urtera begira nahi dugun hiri-ereduari lotuta dago”, ohartarazi du Estitxu Urtizbereak, gogoan hartuta orain hartuko dituzten erabakiek hiriaren etorkizun urrunago bat ere baldintzatzen dutela.
Dena dela, Hondarribiak aireportuaren eta kostalde lerroaren menpekotasun handia izanik, baita Ura Agentziak markatzen dituen uholde arrisku guneak ere baldintzatuta dagoela oroitarazi du. Eta goragoko erakundeen txostenen esperoan daudela oroitarazi du HAPOarekin aurrera egin ahal izateko. Beraz, martxan jarritako parte-hartze prozesuarekin “denbora galdu baino, denbora aprobetxatu” egin dutela defendatzen du. Azken batean, interes orokorra defenditu beharra dago, hori behar duelako bere ustetan herri baten etorkizuna marraztuko duen plan batek.