‘Itsasoa Josten’ duten saregileen lana bertatik-bertara ezagutzeko gonbidapena luzatu dute azaroaren 4an

Koldo Nausia 2023ko urr. 24a, 16:52

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ‘Ondarea bizirik!’ programaren barruan, ‘Itsasoa josten’ izeneko bisita gidatua antolatu dute Hondarribiko kaian aritzen diren saregileen lana ezagutarazteko. Bisita azaroaren 4an, larunbatarekin izango da, eta bisita euskaraz egin nahi dutenek 10:30ean izango dute hitzordua, arrantza portuan bertan. Ordu eta erdiko iraupena izango du.

Hondarribian 14 saregile dira. Denak emakumeak. Nahiz eta, tarteka gizonen batek edo bestek laguntzen duen ere. Azken urteotan arrantzaleen sareak eskuz josteko lanaren tradizioak aitortza instituzional eta soziala jaso badu ere, (Hondarribian plaza ere izendatu dute Emeki elkartearen ekimenez) lan eskubideetan egoera bestelakoa da. Lan egindako orduak pagatzen zaizkie, kontratu finkorik gabe.

Saregileek diotenez, belaunaldi gazte berririk ez dago Hondarribian haien lekukoa hartuko duenik. Baina iaz EAJk eta EHBilduk Madrilen bultzatu eta onartutako lege berriak euren lana bereziki nekagarria dela aitortu, eta Hondarribiko Done Pedro Itsasgizonen Kofradiako emakume saregileek, 4 urte aurreratu ahal izango dute euren erretiroa.

Ines Susperregi eta Olga Kanpandegik bi eta hiru hamarkada daramatzate saregile lanetan Hondarribiko kofradian. Eta benetan gogorra dela aitortu digute. Horren irudiko, lege berria dugu ere. Ines Susperregui, Hondarribiko saregileak dioenez, hobekuntza ekarriko die 4 urte lehenago jubilatzeko aukera emanez, baina orain artean estatuko sare konpontzaile gizonek dagoeneko zituzten eskubideekin ez dituzte parezkatu.

Haien lana ezagutu nahi duen orok, azaroaren 4ko bisita gidatua egin dezake, lekua lehenbailehen erreserbatuz, 943 64 46 23 telefono zenbakira deituz, edo bestela, Arma Plazan bertan izena emanez.

Erlazionatuak