HONDargia proiektua

«Hirigintza, zibikoa eta zaintzan oinarritutakoa behar da egin. Kaleak pertsonentzat direnez, herri osoa inplikatu nahi dugu»

Koldo Nausia 2023ko urr. 27a, 12:02

Emeki elkarteak abian jarritako HONDargia proiektuan ekarpenak egiteko epea azaroaren 15a arte luzatu dute. www.hondargia.com atarian proposatu ditzake bere ideiak hondarribitar orok. Herriko puntu beltzak identifikatu eta esku-hartze komunitarioa bultzatuz, auzo elkarte eta eskolekin ere ari dira lanean. 

Kaleak pertsonentzat direla sinetsita, hirigintza pertsonen zaintzan oinarrituta garatu beharra dagoelakoan dago Emeki elkartea. Hamarkada luzetan zehar ez da irizpide hau kontuan hartu, eta beraz, Hondarribiko txoko asko segurtasunaren aldetik, zein norbere perzepzioaren aldetik ere, puntu beltzak dira. “Hirigintza zibiko” baten premisatik abiatuta, hirian lasaitasunez ibiltzeko aukera bermatu nahi du emakumeen elkarteak. Eta horretarako 2012an Donostiko Murgibe elkartearekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruzlagunduta, Puntu Beltzen Mapa osatu zuten. Hiru urtetan zehar emakumeen ikuspegitik herria nola zegoen aztertu zuten, hainbat bisita gidatu eginez. 30 puntu beltzetik gora identifikatu zituzten orduan, baina urteotan “deus egin ez denez, eta herria aldatu eta handitu denez” eguneratu beharra zegoela pentsatuta ekin diote HONDargia proiektuari. Oraingoan ere, aldundiaren laguntza ekonomikoarekin.   

“Garai haietan auzo urbanoak eta populatuenak soilik kontuan hartu genituen”, dio Emeki elkarteko Tzane Carrillok, “eta oraingo honetan herri osoa sartu dugu, Higer farolatik hasi, Montaña, Zimi-Zarga, Arkolla eta Jaitzubia ere”. Auzo elkarteekin bilerak egin dituzte, eta balorazio baikorra egiten dute, hainbat iradokizun jaso dituztelarik. Halere, euren ekimenez bilduko dituzten txoko eta kaleei buruzko datu eta iritzi esanguratsuen datu bilketa horretan “herri osoa inplikatu” nahi dute. Eta irailaz geroztik horretarako sortutako webgunea eta ideiak jasotzeko epea azaroaren 15a arte luzatu dute.

Ondoren Hondarribiko Udalari irtenbide eraginkorrak proposatuko dizkiote, neurriak hartzeko “borondate eta konpromisoa” adierazi baitie. Baina proiektuaren eragina haratago doa. Diagnostikoan ez ezik, ondorengo ekimenetan ere herri osoa inplikatze horretan sakonduko dute. Momentuz, herriko eskolekin harremanetan sartu dira proiektuaren berri eman, eta identifikatuko dituzte puntu beltz horietan, muralak margotuz edo bestelako ekintza komunitarioak eginez eskuartu badaiteke, herriko ikasleen eta artisten partehartzea proposatuko dute.  

Iradokizunak egiteko www.hondargia.com webgunean sar zaitezkete, hondargia@gmail.com helbidera idatzi edo Emeki elkartearekin harremanetan sartu 943 64 34 02 telefonoan.