«Heriotza ez dugu normalizatu. Norkbere minak dituenez, loreak saltzeko ez ezik, minak goxatzeko ere bagaude»

Koldo Nausia 2023ko urr. 31a, 14:08

Omiasaindu edo Domusantuko ohiturak aldatzen doaz gizartearekin batera. Egunotan hildakoak gogoan, eskualdeko hilerriak lorez betetzen diren honetan, Jaitzubiko Endanea Gardeneko langileak lanez lepo dabiltza. Bezeroekin hurbileko harremana dutela azaldu digu Mari Carmen Gonzalez Goikoetxeak. Ekoizleak dira, eta “hiruzpalau egunetan hustutzen dute udatik egindako lana”.

Domusantu, Omiasaindu edo hildako zein santu guztien eguna ospatuko da azaroaren 1 honetan. Eta joan den asteburuaz geroztik eskualdeko hilerrietara bisitak etengabeak izan badira ere, udalek neurriak hartu dituzte urteko egun honetan emango den mugimendua bideratzeko (bukaeran trafiko xehetasunak).

Baina hildakoen eguna bada ere, bizirik gaudenok mantentzen ditugu ohiturak. Eta lore eskaintza batekin gure hildakoak gogoratzeko egunak ditugula, eskualdeko milaka lagunek erreferentziazkoa duten Endanea Gardenera hurbildu gara Jaitzubia auzoan. Bezero uholdeari erantzuteko erramuak osatzen topatu dugu Mari Carmen Gonzalez Goikoetxea, bertako loradendako arduraduna.

Hurbileko harremana

Urtean zehar Domusainduko egunak bezalakorik ez dagoela dio. “Denak batera datoz, gero bada amaren egunean edo eguberritako pazko landarearekin ere, baina hau desberdina da”, argitzen du. Gabonetako pazko landarearen kasuan Irungo sanmartzialetarako hasten dituzte landaketak, eta Omiasainduko egunotarako, aldiz, udaz geroztik ari dira lanean. Izan ere, hiruzpalau egunetan saltzen duten guztiak hilabeteetako lana eskatzen du. “Guk ekoiztu egiten ditugu loreak, eta udatikan ari gara. Gure baserritan jendea pasatzen dena harritzen da egun gutxitan dena hustutzen dugulako, baina horrela da”, dio Mari Carmenek.

Krisantemoa da denetan nagusi. Azaldu digunez, garai honetan loratzen delako krisantemoa da Domusainduo lorea, sasoikoa denez, irauten duelako. Eta konposizioak egiteko kanpoko espezieak ere ekartzen dituzten arren, gainerakoan, gladioloak, margaritak, daliak, ziklamenak, pentsamentuak… dira eurek ekoizten dituztenak.

Gipuzkoan ekoizle gutxi dagoenez, Oarso-Donostialdetik ere hurbiltzen zaizkie bezeroak. Baina orohar, Bidasoaldea txikia dela dio, “hau ez da New York” eta konfiantzazko bezeroak dituztela. “Heriotza ez dugu oraindik normalizatua, eta norbere minak ditu. Horregatik garrantzitsua da hurbileko harremana, konfiantza egiten digute… zerbait pollita prestatu nazu… esaten digute gutaz fidatzen direlako”.

Ohiturak aldatzen doaz

Honetan ere, eskualde berezia dugu gurea. Mugaz gaindiko bisitak ematen baitira hilerrietara. “Badago Hondarribiko eta Irungo jendea Hendaian lurperatua, gerra garaian joandakoak adibidez, eta bada mugimendu handia”, dio. Dena dela, kanposantuetatik haratago, azken 30 urteotan ohiturak aldatu egin direla aitortzen digu. “Helburua beti berdina da, baina 90. hamarkadatik gauzak aldatu dira. Lehen konpententzia handia zegoen, denek nahi zuten ondoko panteoian baino hobe, kuinatak baino hobe edo bizilagunak baino lore gehiago, eta orain sinpleagoa da, beren gustokoa eramaten dute, eta horretan zerbait ikasi dugula uste dut”, azpimarratzen du.   

“Hendaiako Erlaitzan asko jaurtitzen dira errautsak baita Jaizkibelen ere, eta bertan jartzeko loreak biodegradableak naturalak nahi dituzte”.

Bestalde, hildakoak errausteko ohitura hilobiratzeari gailentzen ari zaionez, aldaketak ekarri ditu. “Hendaiako Erlaitzan asko jaurtitzen dira errautsak baita Jaizkibelen ere”, dio Mari Carmenek, “azken agurraren oroimena dute, eta bertan jartzen dituzte loreak, berdin du kopurua, igual da krabelin batzuk edo margaritak, baina biodegradablea dena, naturala nahi dute”.

Konfiantza osoan lan egiten dute, eta une konplikatuetan hildakoen senide askorekin harreman zuzena dutela ez dute ahaztutzen euren jardunean. Tamalez, azken aldian gure eskualdean jende gazte anitz hil dela dio, eta une gogorrenetan, “loreak saltzeko baino, minak arintdu edo goxatzeko hor daudela” aitortu digu.

OHARRA: Hilerritara bisita kopuru handia dela eta, Irungo Udaltzaigoak  azaroaren 1a Domu Santu egunean, hilerriaren inguruko zirkulazioan aldaketak egingo ditu. Goizeko 8:00etatik 19:00etara bitartean Blaia ibilbidea itxita egongo da, eta ibilgailuek GI-636 errepidetik, Arenas Carrilloko bidegurutzetik eta Teodoro Murua kaletik sartu beharko dute. Autobus zerbitzuak iindartu egin dituzte kanposantura hurbiltzeko.

Hondarribian, aldiz, zirkulazioa bideratu egingo du udaltzaingoak. Hilerrira igotzeko Gabriel Aresti kaletik egin beharko da (Abarka jatetxearen paretik), eta irteera Labrederretik.