Belaunaldi berririk ez erretiroaren atarian diren Hondarribiko 13 sare konpontzaileen lekukoa hartuko duenik

Koldo Nausia 2023ko aza. 6a, 10:22

‘Itsasoa Josten’ bisita gidatuak antolatu ditu asteburuan Arma Plaza Fundazioak kofradian, herriko sare-konpontzaileen lana barrenetik ezagutara emateko. Arrantzarako ezinbestekoa den eskulana etorkizun hurbilean "nork eta nola" egingo duen kezka piztu du sektorean. 

Itsasoak arrantzaleei gauez arraina non dagoen erakusten dion argi-dizdira da Ardora. Baina argi horri jarraituz antxua, berdela edo txitxarroa lehorreratzen duten bezala, itsasoak urratutako sareak ere porturatzen dituzte maiz arrantzaleek. Azken urteetan saregileen lana balioan jartzeko hainbat ekimen burutu dituzte Gipuzkoan. Hondarribian bertan Sare-Konpontzaileen plaza izendatu dute Hermandade pareko zabalgunea, eta herriko emakume langile saiatu horien belaunaldi desberdinak omendu zituzten. Izan ere, emakume langile hauen eskulanari ere, berezko ardora edo dizdira atera nahian dabiltza Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hondarribiko Udalak eta Arma Plaza Fundazioak ere.

Belaunaldi berririk ez dago erretiroa hartzeko atarian dauden herriko 13 sare-konpontzaileen lekukoa hartuko duenik. Eta urtarriletik aurrera 12 izango dira, 37 urtez kotizatu ondotik zaharrenak jubilazioa hartuko baitu, ordezkorik gabe. Gipuzkoan 28 saregile besterik ez dira geratzen, Hondarribiko 13 hauek, Getarian 10 eta beste 5 Orioan. Eta sektorearentzat ezinbestekoa den lana nork eta nola segurtatuko duen kezka dute.

Sare-konpontzaile izateko ikastaroak antolatzen ari dira, langile berriak erakarri nahian, baina hasi izan direnek ez dute iraun. Ines Susperregi saregileak dioenez, “ez dielako konpentsatzen, lana politta da, baina bizi behar da eta lan baldintzak ez dira beti hoberenak”. Autonomoak dira, eta dagoen lanaren araberako soldata dute.  

Gizarteratu beharra

Asteburu honetan, aldiz, Foru Aldundiak antolatutako Europako Ondare Jardunaldien baitan, Arma Plaza Fundazioak bisita gidatuak antolatu ditu asteburuan Hondarribiko saregileen eskutik, haien lana barrenetik ezagutara emateko. Nahi haina galdera egiteko, eta arrantza-sareak konpontzeko tailerra ere probatzeko aukera izan dute dozenaka herritarrek.

XIII. mendetik arrantzale herria da Hondarribia. Baina Done Pedro Itsasgizonen Kofradian, lehorrean diren emakumeek ere badute zeresana. ‘Itsasoa Josten’ zuen izena bisita honek, baina erraz izan zitekeen 'Arrantza Eusten' ere.

Entzun bisitaren erreportaia.