Irunen emaitza baikorrak izan dituen Parketarrak egitasmoari gaur ekingo diote Hondarribian ere. Hondarribiko Mintzalagunak antolatu eta Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileek dinamizatuta, adinaren arabera egokitutako jolas-kooperatiboak proposatuko dituzte Puntaleko haur parkean hilabete hontako asteartetan. Gaur hasi eta hilaren 14rako, 21erako eta 28rako deialdia luzatu dute "euskararen erabilera bultzatzeko saiakera" gisa.
Mertxe Gerrikok, Mintzalagunako dinamizatzaileak azaldu digunez, Hondarribian halako jardueren beharra dagoela identifikatu egin dute. "Herritarren %70a euskal-hiztuna bada ere, 2021ean egindako azken inkestek diote %16ak egiten duela euskaraz kalean, eta haurren artean oraindik ere apalagoa da", dio kezkaturik. "Geroz eta txikiagoen artean ikusten dugu herrian erdaraz harremantzen direla", dio. Izan ere, herriko haur eta gazteen %10ak besterik ez da kalean euskaraz bizi. "Haur askorentzat euskara eskolarako hizkuntza bilakatu da, eta aisialdian ere, eskolaz kanpo gozatzearekin lotu dezaten bilatzen du egitasmo honek", argitu du Gerrikok.
Horiek hala, momentuz Puntaleko haur parkean aurrera eramango duten ekimena proba bat baizik ez da, baina Hondarribiko Udalaren asmoa da "eraginkorra dela egiaztatuz gero" udaberrian herriko beste parkeetan ere antolatu ahal izatea.
Parketarrak egitasmoa umeen adinaren araberako bi taldetan banatzen dute. Batetik, 'Zabu-Zibu' izeneko taldean (17:00etan) 3-5 urte bitarteko haurrak eta haien gurasoak ariko dira, hezitzaileek dinamizatuta. Eta bestetik, 'Txirrintxon' izenekoan (18:00) 6-9 urte bitarteko haurrak gomit izango dira, hauek gurasorik gabe. Eguraldi txarra eginez gero litekeena da, Egiluze ikastetxeko aterpera lekuz aldatzea.