Eusko Jaurlaritzak sustatutako 'Euskadi Bono Denda' kanpaina abenduaren 5a arte martxan egongo da Hondarribiko 53 establezimendutan. Tokian tokiko kontsumoa bultzatu eta herriko komertzio txikiaren garapenari bultzada emateaz gain, herritarrek 30 euroko erosketa bakots 10 euroko deskontua lortzen duenez, familien ekonomia arintzeko helburu ere badu kanpaina honek. Amuitz merkatarien elkarteak harrera baikorra egin dio ekimenari. Merkatarien ordezkaria Maria Carrerak esan duenez, “dendarientzat oso ondo datorkigun kanpaina da, baina bezeroentzat ere oso ondo datorren kanpaina da, irabazten guztiok ateratzen garela uste dut”. Horiek hala, kanpainari atxikitako establezimenduetan erosketak egitera animatu nahi izan ditu hondarribitarrak.
Hondarribiko Udalak laugarren urtez egin du bat ekimen honekin, eta horretarako 30.000 euro bideratu ditu. Eusko Jaurlaritzak beste hainbesteko ekarpena egiten du. Eta beraz, orotara 6.000 bono izango dira erabilgarri, hondarribitar bakoitzak gehienez ere 5 baliatu ditzazke.
Udalaren konpromiso argia
Duela aste pare bat EAJ udal taldeak Euskadi Bono Denda kanpainarentzat diru kopuru handiagoa bideratzea eskatu zuen, “gutxienez 40.000 euro” aldarrikatzen zituen Gonzalo ‘Txalo’ Carrionek. Aurten horretarako partidarik ez zegoela salatu zuen ere. Baina Abotsanitzeko udal gobernuak oroitarazi zuen orduan, aurreko gobernu jeltzalea izan zela kopururik onartu ez zuena, hain justu, Eusko Jaurlaritzak ez zuelako oraindik kanpainari segida emango ote zion baieztatu.
Hortaz, kanpaina aktibatu orduko, Igor Enparan alkateak argitu du kreditu gehigarri bat egin behar izan duela. Eta azaldu duenez, Euskal Autonomi Erkidegoan beste 9 herri daude momentuz kanpainari atxikita, eta Hondarribiak bigarren partidarik handiena bideratzen duela, Portugaleteren ondoren. Hondarribiko Udala komertzio txikien sustapenarekin “oso konprometituta” dagoela berretsi du Enparanek, “herriko komertzio txikiek herria biziberritzen dutelako, eta bizia eragiten dutelako”.
Informazio guztia hemen eskura daiteke: www.euskadibonodenda.eus