Gonzalo ‘Txalo’ Carrion, Hondarribiko EAJren bozeramalea udal bulegoan harrapatu dugu lanean, eta “herria eraikitzen jarraitzeko” prestutasuna azaldu du, 2024ko udal aurrekontuen udalbatzarako jarrera irekia iragarriz. Halere, gobernu berriaren lehendabiziko aurrekontuen negoziaketan, jeltzaleak ez du Abotsanitzek iragarritako jarrera irekirik aurkitu. “Gure ustez hain irekiak eta denak kontuan hartu behar zituztela, eta guk hori ez dugu ikusi sei hilabeteotan. Askotan EAJri ekartzen dizkigute gauzak erabakita, ez digute erabakien parte izaten utzi. Hori saltzen zuten eta ez dute egin gurekin”, kexu da.
Halere, aurrekontu hauek azken urteetako jarraipen bat direla leporatzen dio udal gobernuari. “Abotsanitz oposizioan zegoenean irudikatzen saiatzen zen aurrekontu bezain txarrak dira hauek, zeren inoizko handienak izango dira, baina osatu gabe daude”, dio EAJren bozeramaleak. Aurrekontu kontinuistak direlakoan dago. Baina, aldi berean, udalak dagoeneko aurreikusiak zituen zenbait proiekturi segida ez emateagatik kezkaturik azaldu da. “Aparkalekuen arazoari konponbide bat emateko partida argirik ez da isladatzen aurrekontuetan, ezta Arrantzale Auzoa berritzeko proiektua, egina dagoela ere ez da agertzen. Edo Muliateko gizarte zerbitzuen bulego berria gauzatzeko”, dio.
Aldi berean, Abotsanitzek urtez-urte aldarrikatu dituen diru partida eta proiektu zenbait, orain udal gobernuan dagoela bere aurreneko aurrekontu proiektuan ez proposatu izana ulergaitzat jotzen du jeltzaleak. “Non daude Zezen plazako aparkalekua edota disuasorioa, autokarabanen gunea, edota aurrekontuaren %2a herritarren partaidetzara bideratzeko eskaerak?”, galdetzen du.
Nolanahi ere, EAJk egindako hainbat proposamen ezinbestekotzat jotzen dituzte aurrekontuak “osatu gabe” geratu ez daitezen. “Kalez Kale Hondarribia Hobetzen proiektua faltan botatzen dugu, Arkolla, Mendelu, Pasaia kalea inguru guztia eta Higuer bideko zatia, aurten ez bada hori aurrekontuetan isladatzen, beharbada ez ditugu 4 urtetan egingo eta pena ematen dit”, aitortzen du.