Gure gorputza onartu eta osasun fisiko zein mentala zaintzen ikasteko zikloa antolatu du Elikaeskolak Hondarribian

Aitziber Zapirain 2023ko aza. 14a, 14:16

Iaz Ama Guadalupekoa ikastetxean hasi zuten elikadura heziketa programa publiko zabalari proposatuko dio orain Elikaeskolak, azarotik ekaina arte, Udalaren laguntzarekin. "Gertatzen ari denarekin" kezkaturik daude, geroz eta paziente gazteagoak jasotzen dituztelako elikadura nahasmendu arazoekin. 

Hitz gutxitan laburbildu daiteke Elikaeskolak “Gorputz aniztasunaren onarpena eta osasun fisiko eta mentala bermatzeko programa” izeneko hitzaldi eta tailer zikloa antolatzeko arrazoia. Elikaeskolako arduradunak, Eli Gallego Moreiro nutrizionistak adierazi digun gisan “usteko gorputz osasuntsu baten bila, osasun mentala galtzen dugu”. Hori bera da hain zuzen ere gertatzen ari dena bere ustetan. Eta pandemiaren ondoko urteotan areagotu egin dela diote datu ofizialek. 2021ean %65 egin zuen gora gazteen artean elikadura nahasmendu kasuak, eta 2022an %70eko langa gainditu du emendatzen jarraituz. Basurtoko Ospitaleko psikiatria departamenduak egindako azken azterketek argi gorriak piztu dituztela dio aditu honek. 

Izan gazte, nerabe ala heldu, "gure gorputzarekin ados ez egotea normala bada ere, inoiz lortuko ez dugun zerbaiten bila, ustez gorputz osasuntsu bat lortzeko hartzen diren erabaki eta hartzen diren ohitura askok, kontrakoa lortzen dute", ohartarazten du. Zentzu honetan, Hondarribiko Ama Guadalupekoa ikastetxeak eskatuta, bertan lanean hasi dira joan den urteaz geroztik, gazteenen artean arazoak identifikatu dituztelako. Eta euren kontsultategian ere, "9 urteko neska bat etorri zaigunean ohartu gara, hemen normala ez den zerbait gertatzen ari dela. Haur bat izanik, jateari utzi zion bere gorputza ez zuelako maite", azaldu digu Gallego Moreiro nutrizionistak. 

Hondarribiko eskoletan bezala, orain publiko zabalari begirako hitzaldi eta tailer ziklo bati ekingo diote. Orotara 9 saio izango dira, eta denak 18:30etan finkatuko dituzte. Aurreneko hitzaldia Itsas Etxean egingo dute azaroaren 22an, aurkezpen gisa, "Dietaren kultura: Gorputzarekin pozik ez egotearen negozio aberatsa" izenburupean. Gainerako guztiak Kultur Etxean programatuko dituzte aipatutako ordutegian. 

  • Abenduak 13: "Urtean behin dieta egiteak dakartzan arriskuak"
  • Urtarrilak 24: "Zein da nire pisu ideala? Zenbat pisatu beharko nuke?"
  • Otsailak 21: "Elikadurari eta dietei buruzko mitoak"
  • Martxoak 20: "Elikadura osasuntsua"
  • Apirilak 17: "Gorputz aniztasuna eta osasuna"
  • Maiatzak 15: "Elikadura eta osasun mentala"
  • Ekainak 12: "Dietak eta osasun intestinala"
  • Ekainak 26: "Janariekiko portaera kezkagarria nola hauteman. Zer egin eta zer ez egin?"

Aitziber Zapirain lankideak Elikaeskolako adituekin luze eta zabal hitz egin du ziklo honi buruz, eta gaur egungo elikadura nahasmenduen arazoaz. Elkarrizketa osoa, astearte honetan, arratseko 20:00etan izanen duzue entzungai Antxeta Irratian. Baina albiste honekin batera, aurrerapen bat entzungai duzute. 

www.elikaeskola.com atarian edota sare sozialetan ere, zikloaren inguruko informazioa hedatu dute.