HERRI OLINPIADAK

Hondarribiko neguak berpizteko gozamena eta lehiakortasuna "bere neurriyan" jarriko dute gazteek aspaldiko herri olinpiadarik oparoenetan

Koldo Nausia 2023ko aza. 14a, 17:28

Gazte belaunaldien arteko harremanak estutu eta elkartasuna aldarri, Herri Olinpiadak bueltan dira "urte osoko formatu handian". Aurten 31 taldek izena eman dute. Azaroaren 25ean maskota txapelketa batekin piztuko dute sugar olinpikoa. Eta ekaina arte itsasoa, mendia, hondartza edota herriko ondarea balioan jarriko dute 8 froga egunetan, otsaileko parodia gaualdia barne.

Hondarribiko Herri Olinpiaden hirugarren aroko bigarren edizioa indartsu dator, eta geratzeko asmoz. Herri ekimen hau iaz formatu txikian berreskuratu eta arrakasta bildu ondotik, azken froga egunean ekainaren 3an antolatzaileek iragarri zuten: "abisatu genuen intentzioya zela aurreko urtekoa indartzea eta azarotik ekainerako formatuan antolatzea aurrerantzean mantentzeko", dio Urko Iridoyk, komite olinpikoko kideak. Iaz 27 taldek izena eman zuten, gerora zenbaitzuk bidean geratu baziren ere. Eta 400ndik gora gazte aritu ziren antolatutako froga egunetan parte hartzen.

Aurtengoan, aldiz, 31 taldek eman dute izena. Eta joan den azaroaren 3an egindako asanbladan erabaki zutenez, zortzi hilabetez, zortzi proba egun ospatuko dituzte. Lemixiko eguna azaroaren 25ean izango da, sugar olinpikoa piztu eta erritmoa hartzeko, garai batean logo txapelketa bat egin ohi bazen, aurten maskota txapelketa bilakatuko dutela iragarri du Iridoyk. Talde bakoitzak diseinu bat proposatu, eta gerora olinpiaden maskota ofiziala izango denen artean hautatu beharko dute. Hori baita herri olinpiaden arima. "Hasieratik argi utzi izan dugu olinpiadak direla denok parte-hartzeko, bai jokuetan, bai antolakuntzan", dio komite olinpikoko kideak, "eta gu bideratzeko gaudela, baina zortzi egunetarako gaiak zehaztu ditugula, hilabete bakoitzean antolatzea egokituko zaien taldeek erabakiko dute zer eta nola egin", iragarri du. 

Zentzu honetan, hurrengo hitzorduak ere finkatuak dituzte. Abenduaren 16an, urtarrilaren 21ean, otsailaren 9an, martxoaren 2an, apirilaren 14an eta maiatzaren 4an izango dira, eta final handia ekainaren lehenean ospatuko dute. Denetarik izango da, eta "herriak dituen paraje eta natur-baliabideak, eta ondarea balioan jartzeko" irizpidea jarraitu dutela argitu dute antolatzaileek. Izan ere, Hondarribiko Udalaren babes ekonomiko eta sustenguarekin batera, ondare proba antolatzea proposatu diete aurten udal ordezkariek. Gainerakoan, mendi proba, hondartza eguna, itsas proba edota gastronomia ere landuko dute lehiaketa batekin. Otsailean, aldiz, garai batean ikusmin handia piztu ohi zuen parodia gaualdia izango da Jostaldin pilotalekuan. 

Gazte belaunaldi arteko harremanak

90. hamarkadako lehen olinpiada haiek Hernanin antolatzen zen antzeko egitasmo batetik ideia hartuta hasi zituzten. Baina gaur egun tamainako beste herri-ekimen handirik ez dago eskualdean, ezta inguruetan ere Urko Iridoyren arabera. Hondarribian gazteria bizirik dagoela erakutsi dute beste behin ere, eta herria biziarazteko prest daudela. Harremanak estutzeko baliagarria izango delakoan daude. Herri txikia izanagatik ere, ia denak elkar ezagutzen dutela aitortuta ere. "Aurten 18 urteko gazteak ere animatu zaizkigu, baita 30-40 urte arteko batzuk ere, jende berria ezagutzeko eta belaunaldi arteko harremanak estutzeko aukera dago", azpimarratzen du Iridoyk.

Hala, lehiakortasuna beharrezkoa bada ere "bere neurriyan" behar duela dio, eta bereziki elkartasuna dela garrantzitsuena, eta ondo pasatzea. "Beti esaten dugu, baina mila aldiz errepikatuko dugu, neguko asteburu edo larunbat hil horietan herriari eta gazteriari bizia ematea" dute helburu.