Euskadiko Itsasargien Lagunen elkartea

«Magia hori galdu da, lehen hiru farozain familia bizi ziren itsasargi batean, baina Higer berezia da, eta leku bizi bat izatea amesten dugu»

Aitor Errazkin 2023ko aza. 15a, 12:14

Itsasoa maite duten pertsonentzako topagune bilakatzeaz gain, euskal kostaldeko eraikin hauen “historia eta etorkizuna zaintzeko helburua” dute. Teknologia berria garai bateko farozainen bizimoduari gailendu bazaio ere, “abandono egoeran” geratu diren Higer bezalako itsasargiak kulturgune garrantzitsuak izan daitezkeela defendatzen du elkarteko Iñaki Garciak. 

Euskadiko Itsasargien Lagunen Elkarteak lehenengo christmas (Gabonetako postalen) lehiaketa antolatu du, lanak abenduaren 10era arte entregatu daitezke. Aukeratutako Christmasa izango da kultur elkartearen aurtengo gabonetako zorion-mezuaren irudia. Lehiaketari honi buruz hitzegin dugu Iñaki Garcia, elkarteko kidearekin. Eta bide batez, elkartea ezagutu, farozain ogibideaz, eta urte luzetan sasi-abandonaturik daraman Hondarribiko Higer itsasargia berreskuratzeko elkarteak dituen ideietaz ere mintzatu gara.

Duela 8 urte sortu zuten Euskadiko Itsasargien Lagunen Elkartea, itsasargiak eta itsasoa maite duten pertsonentzako topagune bat bilakatzeko helburuarekin. Urtero hitzaldiak, erakusketak eta argazki zein literatur lehiaketak antolatzen dituzte. Eta itsasargien historia eta etorkizunarekin arduratuak daude.

Garai berriak itsasoko argietan

Zentzu honetan, farozainaren ogibidea desagertzen ari da. Iñaki Garciak aipatu digunez, “Euskadin 2 farozain besterik ez daude, eta horretarako azken oposaketak 1993an egin ziren”. Bata Gipuzkoako Igeldokoa da, Hondarribiko Higer farolaren mantenimendua ere kudeatzen duena. Eta bestea, emakumea (Cristina Garcia-Capelo) Bizkaian ari dena lanean. Garai batean farozainak bertan bizi baziren ere, gaur egun teknologiak agintzen du. “Orain farola edo itsasargi baten matenimendua (app) aplikazio baten bidez jakin daiteke, balizak, argiak... konpondu behar diren abisuak jasotzen dute”, dio Euskadiko Itsasargien lagunak. “Magia hori galdu da, lehen hiru farozain familia bizi ziren itsasargi batean, 8 orduko txandak egiten zituztelako”, argitzen du.

Dena aldatu da azken hamarkadaotan. Izan ere, itsasargien gaur egungo bonbilak oso txikiak dira, “gure etxekoen tamainakoak”, dio, “benetan garrantzitsuena fresnel lenteak dira, argia kontzentratzen duen lente-optikoa”. Eta horri esker, itsasargien argi-dizdira 5 milatatik 17-25 arte ere ikusten da baldintza egokienetan. Argitu duenez, fresnel motak ere aldatu egin dira, gaur egun ez dira kristalezkoak, metakrilatozkoak baizik.

Higer farola, babestu beharreko altxorra

Baina eraikin hauen funtzio garrantzitsuena bere horretan mantentzen bada ere, eraikin horien historia berreskuratu eta balioan jarri nahi du elkarteak. Zentzu honetan, Higer itsasargia oso berezia dela azpimarratzen du. “Goian gorria da eta goiko partean ere, lehioak ditu. Hori ez da normalena. Estilo frantsesekoa da, bakarra Hego Euskal Herrian”, azaldu digu. Aurretik leku berdinean beste itsasargi bat zegoen, baina gerra karlistetan suntsitu egin zutela oroitarazi du.

Hondarribiko herriak dituen altxor ugariren artean, Higer itsasargia da horietariko bat. 1881. urtean eraikia, bere 21 metroko altuerarekin euskal itsasargirik garaiena da. Amuitz parez-pare duela, eta Talaia bidearen abiapuntu, balio “historiko eta sinboliko” handia duen eraikina berreskuratu nahi luke Itsasargien elkarteak. “Interpretazio Zentro bat edo gune kultural bat bertan egotea gustatuko litzaiguke, itsasargia publikoari irekita egotea, leku bizi bat izatea amesten dugu”, aldarrikatu du.

Hari beretik lanean ari da Hondarribiko Udala ere. Abotsanitz oposizioan zela iada hainbatetan azpimarratu zuen honen beharra. Eta udazken honetan bertan,  Higer itsasargiak bizi duen abandono egoeratik ateratzeko lehen urratsa eman du udal gobernu berriak. Igor Enparan alkatea eta Ortzi Alonso Kulturako zinegotziak lan-bilera bat egin zuten Pasaiako Portu Agintaritzako arduradunekin, Joakin Telleria presidentearekin, David Candelario zuzendariarekin eta Malen Elorza Pasaiako Portuko Azpiegitura eta Ustiapen Arloko buruarekin. Haien helburua da, 2015ean udalbatzak onartu eta gerora “tiradera batean gordeta” egon den proiektua berreskuratzea. Portuko Agintaritzak eraikina udalari lagatzeko bide administratiboari ekin diote orain, etorkizunean udalak itsasargian proiekturen bat garatu ahal izateko.

Itsasargiak eta itsasoa maite badituzu, Euskadiko Itsasargien Lagunak elkartearen webgunea hemen duzu:  http://amigosfaroseuskadi.blogspot.com/