Madrilgo gobernu berriaren "akordio politikoak" Hondartzako kirol eremua aurki udalaren esku geratzea ahalbidetu dezake

Antxeta Irratia 2023ko aza. 15a, 09:16

Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko inbestidura saioa aktualitate dugun honetan, hau ahalbidetzeko PSOE eta EAJk adostu duten akordioaren baitan da jeltzaleek iragarri dutenez, "Madrilen urte luzeetako negoziaketak eskatu dituen" 80.000 metro koadro lur horien eskualdaketa. Aldiz, momentuz "akordioa politikoa" da, bide administratiboa noiz aktibatuko den esperoan.

Joan den urtean Abotsanitzek proposatuta onartu egin zuen Hondarribiko udalbatzak ahobatez, estatuari dagokion eskaera egitea prozesu administratibo hori martxan jartzeko. Herriari eremu honek eragiten dion menpekotasuna aintzat hartuta, 2011 eta 2012 urteetan ere eskaera beretsua luzatu izan zuen udalak. Baina urteak joan urteak etorri, ez da aurrerapausorik eman ahal izan orain artean. Orain Abotsanitz udal gobernuan dela, Antxeta Irratiak jakin izan duenez, tokiko erakundeak ez du oraindik prozesu administratiborik martxan jarri denik baieztatu ahal izan. Eta beraz, EAJk iragarri duen akordioa, arlo politikora mugatzen da momentuz, erakundeen arteko bide ofiziala izapidetuko ez den bitartean, kirolgunearen eremuari buruzko titulartasunaren transferentzia ez baita errealitate izango.

Orain arteko hitzarmena iraungita

Hondarribiko Udala eta estatuaren artean hitzarmen baten bitartez kudeatu izan dute historikoki eremu horren erabilera. Aldiz, 2020ean hitzarmena iraungi zenetik, udala ezinean aritu da, bertan ezin baitu inolako eskuhartzerik egin. Eta urteetan kiroldegia hobetzeko herritarrekin ez ezik, herriko kirol klubekin ere, Ondartza futbol zelaia berritzeko hartutako konpromisoak ezin izan ditu udalak bete.

Halere, jeltzaleek iragarri dutenez, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak konpromisoa hartu du transferentzia horren espedientea urtea amaitu baino lehen egiteko. Joan den udaberrian iada, Aitor Esteban EAJko Madrilgo parlamentari taldeko bozeramalea Hondarribian izan zen udal hauteskundeen atarian, eta Hondarribia Futbol Elkarteko ordezkariei jakinarazi zien negoziaketa hauek oso aurreratuak zituztela.

Iragarritako akordioak bere bide asministratiboa jarraituko badu, hirigintzaren ikuspegitik gauza asko aldatuko dira Hondarribian. Gaur egun Kostasek ukizein gisa markatuak dituen 80.000 metro koadro inguru erabilgarri bilakatzeaz gain, hainbat obra eta hobekuntza proiektu garatu ahal izango dituelako udalak. Era berean, orain osaketa prozesuan pil-pilean den (HAPO) Hirigintza Antolamendu Plan Orokorraren gainean ere, erabateko eragina izango luke. 

Gonzalo 'Txalo' Carrionek, Hondarribiko EAJren bozeramaleak positiboki baloratu du albistea.