berdintasuna

Historiak Hondarribiko emakumeei zor dienaren urratsak jarraituz 'Oroimen Haziak' bisita egingo dute igandean

Koldo Nausia 2023ko aza. 16a, 12:46

'Oroimen Hazia' proiektuari lotutako bisita gidatua antolatu du Parean elkarteak igande honetan, Hondarribiko Arma Plazatik abiatuta. 1638ko setioa eta Jaizkibel konpainiaren 25 urteko historia josten duen kontakizuna egingo dute, "emakumeen historia azaleratu, gaur eguna ulertu eta etorkizun posibleak zirriborratzeko".

Jaizkibel Konpainiaren historia ezagutzeko Hondarribiko Alde Zaharretik ibilaldi berezia antolatu du Parean elkarteak. Maria Jose Noain Maura eta Ilargi Bengoetxea Gartzia historialariek eskainiko dute bisita. Eta Parean elkarteak sortutako “Oroimen Hazia” mapa interaktiboaren proiektua ere aurkezteko aprobetxatuko dute.

Iazko urriaren 22an konpainia parekidearen 25. urteurrena ospatzeko antolatutako Loratzen Jaialdiaren egunean, bisita gidatua egin zuten atzerabegirakoa egiteko. Eta horren haritik, konpainiaren mende laurdeneko historia batetik, eta Alardea ospatzeko arrazoia den 1638ko Hondarribiko setioaren historia bestetik, uztartu dituzte. XVII. mendeko zein azken mende laurdeneko gertakizunak, Hondarribiko leku berberetan eman baitira.

Ilargi Bengoetxea Gartzia historialariak ondu du parean.eus atarian pdf formatoan eskurat dagoen proiektuaren testua, eta ikerketa. Dioenez, “bi momentu historiko desberdin josteko aukera eman du proiektuak. Mendeetako tartearekin gertatutakoak dira, baina leku berdinetan eta harremandurik daude gainera”. Horregatik, bi ordu inguruko ibilbide honetan zortzi leku esanguratsu bisitatuko dituzte Arma Plazatik abiatuta, Kale Nagusia, udaletxea, Gernikako Arbola edota Gipuzkoa plazatik pasako dira, besteak beste.

Mari Jose Noainek aztertu ditu XVII. mendetik honako Aro Modernoko kronika historikoak. Eta Ilargi Bengoetxeak, aldiz, Jaizkibel konpainiaren ibilbidea eta leku horietan bizitutako une garrantzitsuenak azalduko ditu. Zentzu honetan, gertaera historiko guztiekin bezala, gertatutakoaren kontakizuna nola egiten den bere garrantzia duela azpimarratu du Bengoetxeak. “Historiografia tradizionala objetiboa eta neutrala, ez da horrela, statu quoa mantentzeko tresna da, esplotazioa eta zapalkuntza ikusten eta aztertzen ez duen historia”, dio historialariak. Eta zentzu horretan, 70. hamarkadan emakumeen historia aztertzen hasi den artean, “historiaren kontakizunetik ezabatuak” izan direla salatzen du. “Emakumeak edo beste hainbat sujetu zapaldu baztertu egin ditu historiak, eta ezinbestekoa da azaleraztea gaur eguna ulertzeko, eta etorkizun posibleak zirriborratzeko eta imaginatzeko ere”.

Emakumeak lehen eta orain

Hari horretatik tiraka, ‘Oroimen Haziak’ proiektuari esker, historiak Hondarribiko emakumeei zor diena eman ahal izan diete. Izan ere, Guadalupeko ermitako serora zen Juana de Mugarrieta izan zen 1638ko setioan frantses tropak ikusten aurreneko hondarribitarra. Eta “arakatuz gero, kronika historikoek ondo azaltzen da nola emakumeek zeresan handia izan zuten ere”, nabarmentzen du historialariak. Kontatzen duenez, Mugarrieta bera, Salvadora Zabaleta eta Catalina Labandibar bezalako emakumeak izan ziren Guadalupeko ama birjina herrira jetsi eta setioan babestu zutenak. “Baina setioan bertan gizonez jantzitako 100 emakume armatu agintariei defentsa postu bat betetzeko eskatu zieten”, dio.

Historiaren pasarte hauek eta beste batzuk, baita Jaizkibel konpainiaren historian sakondu nahi duen orok ere, heldu den igandean (azaroak 19) 11:00etan Arma Plazara hurbiltzearekin aski izango du. Bisita egiteko ez baita izenik eman behar.