udalgintza

Hondarribiarrekin kontuak egingo ditu udal gobernuak hiru hilero, inoizko aurrekonturik handiena %100ean beteko dutela frogatzeko

Antxeta Irratia 2023ko aza. 22a, 14:19

Hondarribiko udaleko gobernu taldeak 29.053.752 euroko aurrekontua eramango du osteguneko Osoko Bilkurara. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, %15'48 gora egin du, eta aurtengoa inoiz izandako handiena da. "Espansiboa eta eraldatzailea" dela azpimarratu du Igor Enparan alkateak.

Aurrekontu eraldatzailea izango dela iragarri du, aurrekontuak egiteko erabili den prozeduragatik, "udalean ordezkatuta dauden talde politiko denek aukera izan dutelako lanketan hasieratik parte hartzeko". Baita aurrekontu horien edukiagatik ere: Garapen Jasangarriaren helburuekin eta 2030 Agendarekin bat egiteko lanketa egin dutelako, trantsizio energetikoan eta desberdintasun sozial eta ekonomikoak desagertarazteko borrokan indar bat eginez. Eta aurrekontuen exekuzioagatik: udal gobernuak %100a egikaritzeko asmoa iragarri duelako. Ez dute asmoetan utzi nahi izan, eta Enparanek iragarri duenez, hiru hilero horren berri emango dute publikoki "herritarrek gardentasunez ikus dezaten udal diruak nola gastatzen diren". 

Bestalde, alkateak nabarmendu du ere, etxeko lanak garaiz egin dituztela. Eta horri esker, behin ostegun hontako udalbatzan onartutakoan, urtarrilaren 1etik aurrera aurrekontuaren diruak erabilgarri izango direla. Udal Osoko Bilkura abendurako utzi izanez gero, urtarrila bukaera edo otsaila arte ez bailitzake erabilgarria izango, prozedura administratiboak direla eta. 

Gainerakoan, ekintza komunitarioak gakoa izango dira 2024an Hondarribiko Udalaren jardunean, eta aurrekontuaren parte handi bat udal langilegoaren zein eguneroko martxa mantentzeko gastuetan konprometitua dute. Gastu arrunta 25.551.994 eurotara emendatzen baita, iaz baino 2,4 milioi euro gehiago.

Era berean, inbertsioetara ere, iaz baino milioi bat gehiago zuzenduko dute, eta Santiago kalearekin hastea pentsatzen dutela iragarri du Enparanek. EAJk hau kontuan hartzen ez zutela leporatu arren. Inbertsioetan, orotara, 3.294.930 euro bideratu nahi ditu Hondarribiko Udalak 2024an.

Osteguneko udalbatzara oposizioko udal talde politikoekin negoziatutako zenbait aldaketa barneratu ditu udal gobernuak. Baina talde bakoitzak proposatutako gainerako mozioak aztertu eta eztabaidara eramango dituzte.