Ordutegia eta ibilbidea aurreko urtekoen antzerakoa izango da. Eguerdiko 12:15ean arraunlariak eta zuzendaritzako kideak Abiyuan txarangarekin batera arraun elkartetik aterako dira Kale Nagusirako bidea hartuz. Udaletxean udalkideak gehituko dira eta 12:30tan meza izango da Jasokunde eta Sagarrondoko Andra Mari elizan. Aurten, parrokiako abesbatza omenduko du arraun elkarteak, abesbatzako kidea Maritxu Altuna Bengoetxea izango baita bedeinkapenaren ama bitxia.
Mezaren ondoren segizioa Hermandadera joango da, eta usadioari jarraiki Arrantzaleen Kofradiak jasoko ditu banderak behin betiko gorde ditzan.
Ondoren ohiko bazkaria egingo dute, eta bazkalondoan arraun elkartean 10 denboraldi bete dituzten Beñat Egiazu Zubillaga, Xabier Etxebeste Garcia, Iñigo Sagarzazu Gonzalez eta Ion Lizarralde Tolosa arraunlariei elkartearen Urrezko Intsigniak entregatuko dizkiete.