Bere kitarra soinu berritzaileagatik ezaguna den HELMET bandaren rock alternatiboak Mendeluko Psilocybe Aretoa hartuko du ostiral honetan 22:00etatik aurrera. Left izeneko azken albuma kaleratu berri dute, eta urte bukaeran Europako bira egingo duen honetan, Psilocybe musika elkarteak bere 30. urtemugako aparteko oparia du. Aurten antolatutako programazio entzutetsua eta udako bi jaialdien ondotik, goi mailako kontzertu honekin borobilduko du urtea, sarritan nazioarte mailako underground musika zirkuitoan kokatu den Hondarribiko aretoak.
Rock-Metal musika berridatzi duen banda
Oraingo honetan, 1989an New York-en sortutako taldeak duela 7 urte Dead To The World albumarekin lortutako arrakastaren ondotik izan duen geldialdia atzean utziko du Hondarribian. Izan ere, joan den udaberrian AEBn programatuak zituen itzulerako hiru kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituzten, bandako kide baten gaixotasun larri baten ondorioz. Eta orain ekingo dio album berriaren aurkezpen birari Europan. Page Hamilton kitarra-jotzaile eta abeslariak (Band Of Susans taldekide ohia) gidatutako bandak, metal musika berridatzi du azken 30 urteetan. Zerbaitengatik aitortu dute Nine Inch Nails edo Marilyn Manson bezalakoek talde honen influentzia euren musikan.
Iragarri dutenez, Left album berria aurkeztearekin batera, Meantime (1992), Betty (1994) edo Aftertaste (1997) album klasikoetako abestiak ere taularatuko dituzte Hondarribiko emanaldian. Telonero lanetan Hondarribiko HORZDUN sludge metal taldea ariko da. 2017an sortua, Nestor, Lur Irulegi eta Gari Arroyoren taldeak lan bakarra plazaratu dute orain artean, Eskifai baten urpeko kondairak izenekoa.
Sarrerak www.psilocybenea.com webgunean eskura daitezke 24 eurotan. Soberan geratuko balira, egunean berean 26 eurotan salduko dituzte.